'Arnasa gara', arnasguneetako euskaldunei autortzea

Bizkaie! 2021-03-18 12:40   Euskerea berbagai

Kanpainan, ikus-entzunezkoen bidez azalduko da herri euskaldunen garrantzia.

Bingen Zupiria, Silvia Marañon, Ana Ollo eta Iraitz Lazkano (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Erakunde ugariren alkarlanari esker, Arnasa gara ekimena sortu dabe, hau da, euskerearen bizibarritzearen erdigunean arnasguneak jarten dituan kanpainea. Herritar gehienak euskaldunak diran eta eguneroko bizimodua euskeraz egiten daben herriei esaten jake arnasgune. Komunidade sendo horreetan euskerea bizi-bizirik dagoan arren, han be hizkuntza ohituren inguruko gogoetea eta kontzientziazinoa beharrezkoak diralako jarri dabe martxan Arnasa gara

Arnasgune diran herri horreetako baten, Etxarri Aranazen, aurkeztu dabe kanpainea. Bultzatzaile guztien izenean, ekitaldian izan dira Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Nafarroako Gobernuko Herritarren Hartu-emonetako kontseilari Ana Ollo, UEMA mankomunidadeko lehendakari Iraitz Lazkano eta Etxarri Aranazko alkate Silvia Marañon.

Hainbat helburu beteteko asmoz sortu dabe Arnasa gara, erakundeotako arduradunek azaldu dabenez. Udalerri euskaldunetako herritarren hizkuntza ohituren inguruko gogoetea egitea da asmoetako bat; ganera, arnasguneek euskerearen bizibarritzean daben garrantzia be nabarmendu nahi dabe. Modu horretara, herri euskaldunetako hiztunei autortzea egingo deutse, eta ahalduntzeko bidea emon.

Ikus-entzunezkoen bidez zabalduko dabe kanpainea hurrengo asteetan. Arnasguneetan hizkuntza-ohiturei lotutako zortzi egoera landuko ditue beste horrenbeste bideo esketxetan. Bideo bakotxak egoera bat agertuko dau, eta asmoa da egoera horreen inguruko sensibilizazinoa lantzea, sare sozialak be erabilita.

Arnasguneetako jentearentzat erreferente izan leitekezan persona ezagunek hartuko dabe parte kanpainan: aktore, musikari, kirolari eta halakoei alkarrizketak egingo deutsez, gaiaren inguruan gogoetea egin deien. Zortzi asteko kanpainea izango da, martiaren 22tik maiatzaren 16ra, eta aste bakotxean gai bat landuko dabe. Sareen bidez, herritarrek eretxia emon ahal izango dabe, eta zozketak be egongo dira. Bideoak Hiru Damatxo etxeak egin ditu, eta komunikazino kanpainaz Iametza arduratu da. 

Arnasguneen garrantzia azaldu eta bertako euskaldunei autortzea egitea helburuen artean dagozanez, beste eremuetako euskaldunentzat be bada kanpainea. Bideoen bidez, arnasguneak hobeto ezagutu ahal izango ditue, eta horreek jagoteak euskerearen bizibarritzean dauen zereginaz kontzientzia hartu. Halandabe, Arnasa gara-ren hartzaile nagusiak arnasguneetako biztanleak eurak dira.

Zortzi asteko epea amaitu eta gero, UEMAko kide diran herrietan gogoeta saioak egingo ditue, tailer formatuan. Era berean, arnasguneetako eskoletan lantzen dan hezkuntza proiektuan erabiliko ditue bideoak, soziolinguistika edukiak eta hizkuntza ekologia lantzeko unidade didaktikoetan.

Lankidetzea giltzarri

Arnasguneak indartu eta aintzat hartzeko ahaleginean UEMAk luzaroan egin dauen ahaleginean beste pausu bat da Arnasa gara, baina, oraingoan, erakunde publiko askoren babesa dau. UEMAk urte askoan esan eta aldarrikatu dauena gaur egun hainbat erakunde publikok be onartzen eta zabaltzen dabela ikustea ederra da, adierazo dau mankomunidadeko lehendakari Iraitz Lazkanok. 

Bingen Zupiria Jaurlaritzako sailburuak gogora ekarri dau Hizkuntza Politika Sailburuordetzearen arduretako bat dala euskerea ohiko hizkuntza izango daben arnasguneak jagon, indartu eta hedatzea, euskerearen belaunaldiz belaunaldiko transmisinoa bermatzeko eta erreferentzialtasun soziala indartzeko. Euskerearen ezagutzea zabaltzeaz bat, hiztunak sortu behar dirala dino Zupiriak. 

Dana dala, Arnasa gara ez da hutsetik jaio, orain dala urte bi izen bereko beste kanpaina bat antolatu ebelako, kasu haretan be erakunde publikoen lankidetzeari esker. Aurkezpenak eta websaila erabili zituen orduan, arnasguneetako biztanleek kontzientzia hartzeko eta ganerako herritarrek arnasguneak babestearen beharraz jaubetzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu