Udalek eremu sozioekonomikoan eragiteko kakoak emongo ditu Udaltopek

Bizkaie! 2021-03-18 09:10   Euskerea berbagai

Maiatzaren 5ean eta 6an egingo da.

Udaltop Udaletako Euskera Zerbitzuen Topaketea online izango da, aurreko edizinoan bezela. Aurreko edizinoari jarraipena emonez, eremu sozioekonomikoan euskerearen erabilerea sustatzeko kakoak emongo dira, hain zuzen, udaletatik zer eta zelan egin daitekeen aztertuko da. Jardunaldia jarraitzeko, beharrezkoa izango da izen-emote formularioa betetea.

Zer eta zelan egin udaletatik eremu sozioekonomikoan euskerearen erabilerea indartzeko? Izenburu horri eutsiz, eremu sozioekonomikoa izango dau bigarren urtez ardatz nagusi Udaltopek. COVID-19aren pandemiak behartuta, jardunaldia online izango da osorik: Pandemiak zein bilakaera izango dauen asmetea ez da erraza eta aurreko urtean izandako erantzun bikaina ikusita, indarrak online bideratzea erabagi dogu.

Barrikuntzea da egitaraua goiz bakarretik bitara pasau dala. Gai nagusiari jagokonez, eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko kakoak emoteko ahalegina egingo da: Horixe izango da Udaltopen ardatz nagusia. COVID-19ak bete-betean atrapau eta egitaraua pandemia egoerara moldatu behar izan genduan. Gure asmoa zan eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko klabeak emotea, lan-mundua euskalduntzeko beharraz be ibili ginan. Aurten, gaia berreskuratzeko beharra eta aukerea ikusi dogu, azaldu dabe antolatzaileek.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek zabalduko dau aurten jardunaldia. Eusko Jaurlaritzeak diseinautako Euskerea eremu sozioekonomikoan sustatzeko plana 2020-2023 aurkeztuko dau; planaren lehenengo aurkezpen publiko zabala izango danez, sailburuak adierazo dauen lez, oso baliogarria izango da plana Udaltop lako foro batean aurkeztea, azken finean, bertako publikoa izango baita plana jorratuko dauena.

Plana aurkeztuta, udaletara begira jarri eta plana apliketako jarraibideak emongo dira. Ikuspegia zabaldu eta helduleku ezbardinetatik erreparauko jako: Siadecok, plana udalerrietan zelan aplikau azalduko dau; Iñigo Urrutia Euskal Herriko Unibersidadeko Zuzenbide Fakultadeko irakasleak, udalek plana bideratzeko dituen tresna juridikoen inguruko gogoetea egingo dau; Emakundek, bere kontratuetan ezartzen dituan klausula sozialei jarraipena zelan egiten deutson argituko dau, euskerea lehenesteko klausulen jarraipena egiteko baliogarria izango dalakoan; eta azkenik, Garapen Agentziek esparru sozioekonomikoan esku-hartzeko dituen tresnen barri emongo dabe.

Bigarren eguna zabaltzeko, Joan Pujolar Kataluniako Unibersidade Publikoko irakasleak bizitzan zehar ezaugarri linguistikoetan izaten diran aldaketen (mudes lingüístiques) azterketea aurkeztuko dau. Haren ikerketearen arabera, Katalunian langunea da hizkuntzea aldatzeko abagune garrantzitsuetako bat. Hari horri jarraituz, hurragoko abaguneen barri emongo da praktika onen bidez: Lanbide Heziketako lantokiko prestakuntzea eta duala; lantokietako harrera protokoloak eta Euskaraldiak sortutako Ariguneak.

Jardunaldia talde-lanagaz amaituko da eta guztiz barritzailea izango da aurten talde-lana, online egingo baita: Eskura ditugun baliabide teknikoek horretarako aukerea emoten dabenez, saiakerea egitea erabagi dogu, azaldu dabe antolatzaileek. Talde-lanaren emoitzea, gainera, eskuliburu batean jasoteko asmoa dagoala aurreratu dabe: Lehen eguneko berbaldi nagusien osogarri izango da talde-lana; bertan jasoten diran ekarpenak berbaldiotan jasotako argibideak osotzeko onak izango dirala ziur gagoz; gure asmoa da Eusko Jaurlaritzeak landutako planaren gauzatzea erraztuko dauen eskuliburua sortzea eta, bide batez, euskerea teknikarien lana erraztea” aurreratu dabe.

Izen-emotea, zabalik

Martiaren 17tik aurrera zabalik dago, apirilaren 23ra arte. Matrikulazinoa www.udaltop.eus webgunean egin behar da. Prezioa 15 € izango da. Arrazoi teknikoakaitik, ezinbestekoa da izen-emotea; formularioa beteten dabenek baino ez dabe jasoko jardunaldia online jarraitzeko pasaberbea.

Antolatzaileek udaletako eta beste erakundeetan euskera teknikariei zein esparru sozioekonomikoan (enpresa pribatua, administrazino publikoa, sindikatuak...) dabizen eragileei dei egiten deutse Udaltopeko hamahirugarren edizinoan parte-hartu deien.

Azkeneko edizinoetan bezela, antolatzaile dira euskerearen lurralde guztietako erakundeak: Euskal Urigune Alkargoa; Eusko Jaurlaritzea; Nafarroako Gobernua; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak; eta Lasarte-Oriako Udala.

Informazino gehiago eta egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu