Bere konposizinoen esentzia bilatu dau Gorka Hermosak 'Fragilissimo' diskoan

Bizkaie! 2021-03-18 08:43   Musikea

Akordeoiaren doinuak huts-hutsean entzungo doguz lan barri honetan.

Gorka Hermosa konpositore eta akordeoi jole urretxuarrak azken urteetako bidetik urten dau, musikari handien kolaborazinoz betetako diskoak momentu batez alboratu eta Fragilissimo izeneko lan intimoago hau plazaratzeko. Izan be, Hermosaren bederatzigarren diskoan berak jotako akordeoia baino ez dogu entzungo, gipuzkoarraren konposizinoen bersinorik biluzienak.

Berak sortutakoen artean, mundu osoko kontzertu eta konserbatorioetan gehien joten diran piezak aukeratu ditu disko honetarako Hermosak. Sortu zituaneko esentziaren bila, bestelako laguntzino barik jo eta grabau ditu disko barrirako, bakarka. Hain zuzen be, modu hori da Hermosaren konposizinoak interpretetako gehien erabilten dan modua, akordeoi hutsagaz. 

Zuztarretara eta kantuen jatorrira bueltetako ahaleginaz gan, badau beste helburu bat proiektuak: akordeoiaren alorreko irakasle eta ikasleentzako jatorrizko bersinoa eskuragarri jartea. Izenburua, Fragilissimo, 2000n sortu eban konposizino batetik hartu dau, bere ibilbidean erabagigarria izan zalako. Estreinaldiaren ostean, ahaztuta geratu zan piezea, harik eta Grayson Masefield zelandabarritarrak berreskuratu eta mundu guztian ezagun egin eban arte, nazinoarteko sari ugari irabazita. Horrek Hermosaren ibilbideari bultzadea emon eutsan.

Disko barrian hamaika pieza batu ditu Hermosak, bere ibilbidearen hainbat momentutan sortuak, 1994tik 2019ra. Lan espresionistak dagoz (Gernika), garaikideak (lehen aitatutako Fragilissimo), minimalistak (Alabei; Northern Lights), neotonalak (Goya: capricho 43; Oda; Pater Noster) eta oinarri herrikoia dabenak be bai (Paco; Anantango; Saudade Ártica).

Hamaikagarren eta azken piezea berezia da, Astor Piazzola sortzaile handiaren omenezko Libertangoaren bariazinoen moltsoa. Konpositore argentinarrak eragin handia izan dau Hermosaren ibilbide musikalean. 

Disko fisikoa (CDan) salgai dago, eta online be ipini dau Hermosak oso-osorik. Horrezaz gan, sareen bidezko aurkezpen bi egingo ditu. Lehenengoa, martiaren 20an, Frédéric Deschampsen Facebookeko saioan (interneten akordeoiaren ingurukoen artean audientziarik handiena dau); bigarrena, martiaren 28an, bere sare sozialen bidez. Aurrez aurreko aurkezpena Kantabriako Unibersidadean egingo dau, 26an.

Gorka Hermosa urretxuarra akordeoia eremu herrikoitik akademikora eroaten lagundu dauen artistetako bat da. Haren konposizinoak mundu osoko konserbatorioetan lantzen ditue eta agertoki ospetsuetan jo izan dira. Hermosa bera be akordeoilari abila da, bederatzigarren diskoa dau Fragilissimo. CIA-IMC Unesco Konposizino Saria irabazi eban 2013an eta Munduko Akordeoilarien Alkarteak emoten dauen saria lau aldiz eskuratu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu