Addar taldearen hurrengo lanaren aurrerapena: 'Electroshock'

Bizkaie! 2021-03-17 12:47   Musikea

Igaz plazaratutako Sugarrak bildumatik sortu da proiektu hau.

Addar (Metal Legion) | Ikusi handiago | Argazki originala

Egurrean dator barriro be Addar laukote bermeotarra, 2020an izandako arrakasteari aurten be eusteko asmoz. Martiaren 26an salgai jarriko dabe hiru kantuko bilduma barria, baina zaleek gehiago ez deien itxaron, aurrerapen singlea plazaratu dabe, Electroshock izeneko abestiarena. Entzun hemen.

2020ko udabarrian argitaratu eban Addarrek lehenengo lana, Sugarrak izenekoa. Bost kantuko bildumea zan. Ohar baten azaldu dabenez, orduan biztutako sugarrek errautsak itxi zituen, eta hortik jaio da proiektu barria. Deabru honeen infernua osotzera datorren bigarren lan honetarako hiru abesti grabau ditue. Energiaz beteriko rocka agindu dabe. 

Lehenengo lanagaz egin eben legez, Xanpe produktore eta teknikari ezagunaren Koba estudioan grabau ditue hiru kantuok. Gor Diskoak zigilua izan dabe bidelagun.

Bermeon sortu zan Addar, 2018an, barruko energia guztia rock eskandinaviarrean oinarritutako musikearen bidez kanporatzeko asmoz, indarrez beteriko riff-ak eta melodia lazgarriak lagun. Urtebete abestiak lantzen ibili eta gero, 2019an hasi ziran Sugarrak lehenengo diskoa preparetan, eta Euskal Herriko oholtza ugaritan kontzertuak jo ditue. 2020an Rockein lehiaketea irabazi eben.

Honeek dira Addarreko lau kideak: Gorka Padrones (ahotsa eta gitarrea), Beñat Aurre (gitarrea), Mikel Omagogeaskoa (baxua) eta Imanol Rodríguez (bateria). 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu