Marka barria aurkeztu dau Elhuyarrek

Bizkaie! 2021-03-17 11:58   Euskerea berbagai

Itxurea gaurkotzeaz gan, erakundearen izakerea oraingo erronketara egokitu dabe.

Gogoetarako urtea izan da azkeneko hau Elhuyarrentzat, gizarteak gaur egun dituan erronkei zelan heldu zehazteko, egoera berezi honetan sortu diran behar barriei erantzuteko eta erakundeak gizarteri egin leikion ekarpena aztertzeko. Horren ondorio da marka barria, atzetik izakerearen gaurkotzea be badakarrena.

Sorland komunikazino-agentziagaz batera landu dau Elhuyarrek estrategia barria. Ezagutuz aldatzea lemapean, irudi barria balio eta izakera sendoen adierazle izango da aurrerantzean, gaur egungo beharretara egokituta. Sare sozialetako kontuak be berrantolatu ditu Elhuyarrek, Twitter, Linkedin, Facebook eta Youtuben. Webgunea be erabarritu egin dau.

Azken hileotako gogoetearen ondorioz, Elhuyarren nortasunaren oinarriak honeek izango dira: Ezagutza aurreratua apliketea euskal gizartean; disziplina ugaritako lantaldea izatea; zientzian, adimen artifizialean, hizkuntzan eta gizartean eragitea; euskal gizartea garatzen laguntzea, euskeratik eta mundu guztira zabalik; eta aitzindaritzea, kalidadea eta konpromisoa ikurtzat hartzea.

Elhuyar aitzindaria eta barritzailea izan da hasiera-hasieratik, azaldu dabe bertako kideek. Garai bakotxean ekarpenak egiten asmau dau, eta norabide bat markau. Oraingo sasoi aldakorretan, beraz, asmo horri eusteko bidea izan da markea barritzea. 

1972an sortu zan Elhuyar, eta, zientzian ez eze, hizkuntzan, teknologian eta gizarte-aholkularitzan be badabil. Euskalgintzea zientziagaz eta teknologiagaz lotzea izan dau helburu hasieratik, Euskal Herria zein nazinoartea erreferente. Bide-urratzaile izan da beti, eta norabide aldaketeagaz ezaugarri horri eutsiko deutse. Adimen artifiziala, parte-hartzea eta bardintasuna landuz, besteak beste.  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu