Gorbeia maitea zuriz jantzi jaku
2021-03-16 13:15 Ibilian-ibilianUdabarria heldu dala dirudian arren, neguan jarraitzen dogu.
Ez gaitezan nahastau, egunotan doguzan eguraldi aldaketek ez dabe udabarriaren zertzeladarik, martiaren erdialdera heltzear gagoz eta oraindino be neguan gagoz, ala ez? Askorentzat negu bi dagoz, bata astronomikoa eta bestea metereologikoa. Zuek zer deritxozue? Lehenago amaitu beharko litzateke urtaro bakotxa eta lehenago hasi ala daukagunari heldu?
Urtaro astronomikoak abenduaren 21-22an hasi ohi dira eta egutegietan be holan jaso ohi da; halandabe, hainbat metereologoren eretxiz, negua abenduaren 1ean hasten da. Hain zuzen be, urtaro astronomikoei ekinozioagaz (udabarria eta udazkena) eta solstizioagaz (udea eta negua) emoten jakelako hasierea. Egutegietan, barriz, hiru hilebeteko urtaroak ezarri ohi dira.
Adibidez, negua berbagai harturik, jakinean dogu urtarorik hotzena dana eta eguzkiaren gitxieneko iraupena neguko solstizioan izan ohi dala, abenduaren 22 inguru horretan, baina atmosferearen inertziaren ondorioz, hurrengo hiru asteetan jaso ohi dira batez besteko gitxieneko tenperaturak, hau da, urtarrilaren erdialdean. Gauzak holan, eta kontuan izanda denpora hori neguaren erdialdea dala, askorentzat negua abenduaren lehen egunetan hasi ohi da eta zezeileko azken egunetan amaitu.
Arrazoibide berari jarraituta, eguzkia udako solstizioan dago gorenen, hain zuzen be, bagilaren 20-21 inguruan, baina atmosferearen inertziari men eginez, garagarrilaren erdi partean legoke udearen erdialdea. Beraz, aditu askoren ustez, udea bagilean hasi ohi da eta abuztuaren amaieran amaitu. Ipar hemisferioan, herrialde gehienetan ikuspuntu horri eutsi eutsen eta urtaroen epeak honeek dira: negua, abenduaren 1etik zezeilaren 28 edo 29ra; udabarria martiaren 1etik maiatzaren 31ra; udea bagilaren 1etik abuztuaren 31ra; eta udazkena irailaren 1etik zemendiaren 30era.
Gurean, ostera, bestelako ikuspuntu eta pentsamoldeari eusten deutsagu, eta, une honetan, neguan gagozala dino egutegiak. Eguraldi nahasiok udabarriko itxura gehiago daben arren, badira egun batzuetan hotz handiak eta izozteak, eta horreetako bat izan dogu Gorbeiara hurreratu garenekoa.
Behe-lainoak aurrekorik ikusten laguntzen ez dauen martiko egun horreetako batean, Arratiara hurreratu, Pagomakurrera igon eta Arrabako landetatik igoten hastean txingorra hasi dau eta Egiriñauko aterpetik gora egitean, bat-batean, ezuste ederra izan dogu, arbola guztiak eta lurra zuriz ikustean. Ederra, benetan. Eta sekulako hotza be bai, ezta? Bai, hotza be bai, baina aste bitarteko bakardade horretaz gozau eta mendia horren polito ikusteak ez dau nekerik sortzen, jakinmina baino. Begien gozamenerako, irudi ederrok izozteko baimena emonez. Zelan edo halan, negu astronomiko edo metereologikoa izan, mila kolorez jantzan naturan, bihotzean eta Gorbeiako gurutze maitean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!