'Lurraren Zientzien Oinarrizko Lexikoa' plazan da

Bizkaie! 2021-03-16 09:28   Euskerea berbagai

Zientzia eta Teknika Hiztegia Batzeko egitasmoan (ZTHB) beste pausu bat da.

Euskaltzaindiak erabiltzaile guztien esku jarri dau Lurraren eta Zientziaren Oinarrizko Lexikoa, jakintza gai horretan euskerearen normalizazinoan eragiteko asmoz. Euskaltzaindiaren Hiztegian batuta ez dagozan arren, zientzian daben garrantziagaitik sartzeko modukoak diran berbak zerrendatu, arautu eta aberasteko helburuz egiten ditu Akademiak era honetako gaikako hiztegiak. Alderdi zientifiko eta teknikotik euskerea aberasteko bidea dira.

Lurraren eta Zientziaren Oinarrizko Lexikoa online deskargau leiteke, hemen

Arlo teknikoetako erabilera berariaz aztertzeko eta oinarrizko lexikoak osatzeko, Euskaltzaindiak martxan daukan Zientzia eta Teknika Hiztegia Batzeko egitasmoaren (ZTHB) parte da honako argitalpen hau. Proiektu beraren barruan plazaratu ziran, 2016an, Matematikako, Fisikako, Kimikako eta Astronomiako oinarrizko lexikoak. 

Argitalpenak zati nagusi bi ditu. Lehenengoan, euskerazko 1.609 sarrera batzen dira, jagoken arloaren informazinoa emonda: Geogr. (geografia), Geol. (geologia), Metereol. (metereologia)... Beharrezkotzat jo danean, informazino osogarria ipini jako berba bakotxari, kategoria gramatikalaz zein erabileraz, baita adibideak emon be.

Bigarren zatian hiru zerrenda dagoz, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko berbakaz, eta horreen euskerazko baliokideak emoten dira. Era horretara, erderaz kontzeptu bat esateko modua badaki, euskeraz zelan esaten topau leike erabiltzaileak. 

Lurraren eta Zientziaren Oinarrizko Lexikoa alkarlanaren emoitzea da. Hasteko eta behin, hiru iturri nagusi erabili dira: arloko testuen bildumea (1,8 miloe berba), arloko web-corpusa (1,2 miloe) eta Zientzia eta Teknologiaren Corpuseko Lurraren zientziak eremuko azpicorpusa (255.000). Iturri oparo horreek batu eta aztertzeko, Elhuyar eta Ixa taldearen tresnak erabili ditue.

Lurraren Zientzien hainbat arlotako adituek hartu dabe parte proiektuan. Honeek dira: Luis Miguel Agirrezabala (EHU, Estratigrafia eta Paleontologia saila); Garbiñe Alkiza (Elhuyar Fundazinoa); Iñaki Antiguedad (EHU, Geodinamika saila); Estibaliz Apellaniz (EHU, Estratigrafia eta Paleontologia saila); Arturo Apraiz (EHU, Geodinamika saila); Arantza Aranburu (EHU, Mineralogia eta Petrologia saila); Arantxa Bodego (EHU, Estratigrafia eta Paleontologia saila); Gotzone Imaz (Gernikako BHI); Eguzkiñe Iturrioz (Tecnalia, Meteorologia); Amaia Lopetegi (Azkoitiko BHI); Jon Saenz (EHU, Fisika Aplikatua II saila); Onintze Salazar (ETB, Meteorologia); eta Maria Cruz Zuluaga (EHU, Mineralogia eta Petrologia saila).

Azkenik, ZTHB lantaldeak Euskaltzaindiari aurkeztu jakon proposamena landu dau, adituek hautatutako kontzeptuak adierazoteko berbak dokumentau, aztertu eta adituakaz adostu ondoren. Dokumentazinorako, hiztegi espezializaduak, datu-base terminologikoak (Euskalterm), hiztegi orokorrak eta corpusak erabili dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu