'Indarkeria matxistearen bizirauleak' gogoratzeko murala inaugurau dabe Bilbon
2021-03-16 08:39 KultureaRuth Juan (Junita Makina) artisteak pintau dau murala, Bilbo Zaharreko Mesedeetako Kaian.
Genero-indarkeriaren biziraule diran emakumeei eta euren seme-alabei dedikautako erreparazinoko mural bat daukan Euskadiko lehenengo udalerria da Bilbo. Ruth Juan (Junita Makina) artisteak pintau dau Indarkeria matxistearen bizirauleak, urian ikusgarritasun handiko lekuan, Bilbo Zaharreko Mesedeetako Kaian.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Nekane Alonso Bardintasuneko zinegotzia eta Udalbatzako ordezkari batzuek mural erraldoiaren inaugurazinoan izan dira.
Ekimen artistiko eta errebindikatibo honen bidez, Udalak memoria kolektiboa eregi gura dau, indarkeria matxisten biktima eta bizirik urten daben emakumeen autortzan sakontzen jarraitzeko. Pausu horrek herritar guztiak sensibilizetan eta kontzientzietan laguntzen dau, emakumeen kontrako indarkeriak bizitzearen arlo guztietan dauen larritasunaz, justiziaz eta erreparazinoaz berba egitea dakar.
Ruth Juan artisteak (Junita Makina) be hartu dau parte, genero-indarkeriatik bizirik urten daben emakumeei eskainitako gomuta eta erreparazinoko mural honen diseinuaz arduratu baita. Modu sinbolikoan indarkeria matxistearen zikloa ezagutzen da, biktima diran emakumeek bizi daben prozesua, indarkeria apalenetik gogorrenera.
Pinturan, hiru metroko altuerako emakumezko gorputz biluziak erabili ditu artisteak, indarkeria matxistearen eragina erakusteko. Lan hau planteetako, Bizitu Alkarteko kide diran emakume talde baten testigantza personalak izan ditu eta emakume horreek be muralaren aurkezpenera joan dira.
Genero-indarkeriaren biktima izandako eta biziraule diran emakumeei eta euren seme-alaba edade txikikoei errekonozimendua eta erreparazinoa emoteko udal-estrategiaren barruan dago lan hau eta erreparazino hori lortzeko behar daben banakako burruka eta laguntza kolektiboa adierazoten ditu.
Bilbon, emakumeak, batez be genero-indarkeriaren biktima zarienak, ez zagoze bakarrik. Hori gainditzeko laguntzea izatea garrantzitsua dala uste dogu, lagunen, alkarteen, herritarren eta erakundeen laguntzea esan dau Juan Mari Aburtok.
Ruth Juan
Bilboko San Frantzisko auzoan bizi da azken 12 urteotan. Artistearen lanak uria dau ardatz, eguneroko bizimodua, gizarte auziak eta lankidetza proiektuak. Bilbao Arte Fundazinoak beka bat emon eutson 2013an eta han sortu eban lehen liburu ilustratua, Bilbo Zaharra, tolerantzia eremua.
Gaur egun, hainbat proiektutan dabil ilustratzaile freelance eta berak sortu dau Junita Makina markea. Liburuetarako marrazkiak nahiz irudi grafikoak nahiz mural koloretsuak egiten ditu; muralok Bilbo Zaharreko hainbat gunetan dagoz, besteak beste, Marzana tabernan, Bailen kalean eta Zabalako Sortzez Garbiaren komentuan. Esku-hartze horreek Bilboko Udalak sustatuak dira, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoek eratzen daben uri-eremua bizibarritzeko eta barritzeko estrategiaren barruan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!