Marina Lameiro: 'Musikazaleak ez dodaz masa baten moduan erakutsi nahi izan'
Dabi Piedra
2021-03-15 08:01
Barriketan
Hasiera bikaina izango dau gaur, astelehena, Iruñeko Punto de Vista jaialdiak, Marina Lameiro zinemagilearen bigarren film luzea, Dardara, estreinauko dabelako. Berri Txarrak talde nafarraren agurreko biran oinarritutako dokumentala da Dardara, Arena Komunikazioa eta Txalap.art produkzino etxeen laguntzinoagaz sortua. Zinema-aretoetan barikutik, hilaren 19tik, ikusi ahal izango da.
Berri Txarrakek 2019an amaitu eban bere bidea, 25 urtez euskal musikazaleen talderik gogokoenetako bat eta nazinoartean euskal musikearen ordezkari nagusietako bat izan eta gero. Agurreko bireak eragindako ikusminaz jaubetuta, filma egitea pentsau eben taldekideek, eta Marina Lameirori egin eutsen enkargua. Zinemagile iruindarra gidoiaz, argazkiaz eta zuzendaritzaz arduratu da. Hartara, Berri Txarraken Ikusi Arte Tour birako giroa barru-barrutik ezagutzeko aukerea izan eban, eta zaleen sentimendu eta erreakzinoei be erreparatu eutsen.
1.- Berri Txarrak zinema-aretoetako pantailetan. Leku guztietara heltzen da talde hau...
Nire ustez, gai guztiek izan leikie interes zinematografikoa, Berri Txarrakek be bai. Kontua da nondik heltzen deutsazun gaiari eta zelan kontetan dozun. Berri Txarrakek betidanik izan dau mamina atzean, eta azken urtean gehiago, bere ibilbidearen puntu gorenean amaitu dauen taldea izan dalako, urtebetez mundu osoko birea egiten ibili eta gero. Hor badagoz erretratua merezidu daben alderdi asko.
2.- Ertz asko ditu taldearen historia luzeak, zuk nondik heldu deutsazu?
Hasierako asmoa zan taldearen inguruko filma egitea, nigana jo ebenean hori zan euren idea. Baina nire abiapuntua beste bat izan da, zaleak ez dodaz masa baten moduan erakutsi nahi izan, ezpada zale jakin batzuetan arretea jartea. Zale batzuk aukeratu eta horreen inguruan istorio bat eregitea, sakon-sakonera jo barik, baina bai momentuan momentuko bizipenetara jota. Ohituta gagoz kontzertuetako irudi histerikoak ikustera, baina holakorik ez neban nahi, ezta zalerik zoroena zein dan erakustea be. Giza dimensinoa bilatu dot.
3.- Kontzertu jentetsuen handitasuna irudi ikusgarrien bidez erakustea be ez ei da izan zure helburua. Zeri erreperau deutsazu filmean?
Interes handia izaten dot jentearen arpegietan. Badagoz plano luzeak, zale baten arpegian zentrauta, bizi dituan emozinoak erakusteko asmoz sartu dodazanak. Taldea joten erakutsi beharrean, persona baten arpegiaren bitartez oholtzan jazoten dabilena islatzea, espilu baten moduan, adibidez.
Grabazinoaren erdi partean, gitxi gorabehera, hasi nintzan zaleei begirako norabide hori hartzen, musikariei bakarrik begiratu beharrean. Taldea be asko agertzen da, ze zaleei egin ahal jaken omenaldirik onena, hain zuzen be, horrenbeste maite daben taldea sakonago ezagutzeko aukerea emotea da.
4.- Dokumentaleko beste protagonista nagusia, ezinbestean, musikea da. Ze trataera emon deutsezu Berri Txarraken kantuei?
Musikea beste elementu narratibo bat da Dardara-n. Aukeratu doguzan abesti eta abesti-zatiek filma eregiten dabe, sekuentzia batek egiten dauen legez. Film bat ezin da ulertu sekuentzia jakin batzuk barik, edo pertsonaia barik, ba, kasu honetan, kantu horreek barik be ezin da ulertu. Askotan, kantu bat entzun, eta aurreko sekuentziagaz lotuta dagoala konturatuko da ikuslea, edo hurrengo sekuentzia hobeto ulertzeko balioko deutso.
5.- Berri Txarrakekoek jo eben zugana filma egiteko. Zelan sortu jatzun aukerea?
Azken kontzertuak zaleen artean izaten ebizan harrerea ikusita, hori guztia grabau eta film bat egiteko idea biztu jaken, eta nigana jo eben. Proiektua asko gustau jatan, baina halako lan bat egiteko produkzino-etxe baten laguntzinoa beharko genduala esan neutsen. Nire gomendioz, Arena Komunikaziora jo genduan, eta hiruron artean ekin geuntsan lanari.
6.- Proiektu honen aurretik Berri Txarraken zalea zinan?
Bai, baina 14-15 urtegaz, batez be. Horren ondoren ez neban askorik entzun, eta, filma egiteko proposamena jaso nebanean barriro hasi nintzan Berri Txarrak entzuten, 17 urte inguru pasauta. Polita begitandu jatan ikustea nik buruan neban taldeak urte horreetan guztietan zelan eboluzionau eban, nik neuk be eboluzionau neban moduan. Ni ez nintzan 14-15 urte neukazanekoa, eta Berri Txarrak be aldatuta egoan.
Filmaren kontura, orain sakonago ezagutzen dot Berri Txarrak. Zeozegan luzaroan arretea ipinten badozu, derrigorrez aldatu egiten da begiradea, sakontasuna hartzen dau.
7.- Agurreko birearen zoramenaren erdian ibili zara Dardara grabetan. Zelan konpondu zara musikari eta teknikariakaz?
Oso giro ona egon da, lantalde guztia da oso jatorra, ederto pasau dot. Gero, jakina, kontuan izan behar da eurentzat momentu polita eta nekeza zala, eta ulertu behar da momentu batzuetan kamareak molestau egiten ebala. Niri ez deuste ezelako mugarik ipini, baina batzuetan igarten neban nahiago ebela bakarrik egon. Ez da erraza kamareagaz atzetik ibiltea, batzuetan gauza interesgarri bat ikusi, tresna guztiak biztu, eta ordurako momentu hori amaituta egoan. Normala da, kamara bat arpegiaren aurrean jarten badeutsue ez dozu bardin jokatzen.
Horren kontura badodaz pasadizo batzuk. Pentsetan neban momentu batzuk mamintsuak izango zirala, adibidez kontzertu batetik bestera furgonetan joan-etorrian ibiltea. Egun bi pasau nebazan Berri Txarrakeko furgonetan sartuta, eurakaz denpora guztian. Ba, kontua da ez zala ezer pasau. Alkarregaz berbarik be ez eben egin ia, bata lo, bestea telefonoari begira... Alkarregaz ederto konpontzen dira, ez dago rollo txarrik, baina ohituta dagoz furgonetan alkarregaz ibiltera, niretzat gauza barria zana arrunta zan eurentzat, egunerokoa. Egun baten barriketarako gogoz zagoz, baina hurrengoan, beharbada, kantsauta zagoz eta ez dozu berba egiteko gogorik.
8.- Asteon aretoetara helduko da Dardara. Ze harrera espero dozu zaleen partetik?
Gehienek disfrutau egingo dabela uste dot. Sensazino asko etorriko jakez: batetik, barriro Berri Txarraken azken birea bizi izatea; bestetik, pena pixka bat be bai, amaierea izan zalako... Baina jenteak gozau egingo dau. Egongo da beste zeozer espero dauen ikusleren bat be, batzuek birearen making-of moduko bat ikusi nahi izango dabe, edo kontzertuen DVDen moduko zeozer. Baina Dardara beste zeozer da: Berri Txarraken biran grabauta dago, baina ez da birearen ingurukoa bakarrik, beste alderdi batzuk be jorratzen dira, gai unibersalagoak.
9.- Gaur egungo egoerea kontuan hartuta, barri ona da zure lana zinema-aretoetan ikusi ahal izatea.
Lan bat egiten dozunean, jenteak ikustea da nahi dozuna. Estreinaldia, behinik behin, ona izango da, gero zer etorriko dan ikusleen erantzunaren araberakoa izango da. Espero dot filmak harrera ona izatea, ze kritikeak berba politak izan ditu Dardara-rentzat, ea publikoak be gustuko dauen.
10.- Berri Txarrakek zaleen artean dauen ospeak lagunduko deutsue zabalkundean, ezta?
Esperientzia desbardina da hau, bai. Nire lehenengo film luzea ez zan zirkuitu komertzialean mobidu, eta honek ikusmin handiagoa eragin dau. Dana dala, oihartzun hori ez da nire ibilbidean aurrera egiten lagunduko deustan zeozer, harrera ona izatea beti pozgarria dan arren. Publikoak filma ikusten dauenean egingo dot balorazino bat, ze orain hedabideetan sortu dan ikusmina badakit ez dana horrenbeste nire lanagaitik, Berri Txarrak atzean dagoalako baino. Espektatibak beteten diran edo ez, zinema-aretoetako estreinaldiaren ostean jakingo dogu.
11.- Orain arte, dokumentalen arloa landu dozu gehienbat. Aurrerantzean be bide horretatik segiduko dozu?
Momentu honetan entsegu-film bat egiten nabil, gidoia idazten. Baina fikzinozko lanen bat egiteko gogoa be badaukat, ez dakit zelako fikzinoa, ez daukat ondo pentsauta. Ez dot nire ibilbidea dokumentaletara mugatu nahi, genero guztietako ateak zabalik dodaz.
Filma areto honeetan ikusi leiteke: Bilbo (Golem), Iruñea (Golem Bailan eta Morea), Donostia (Trueba), Errenteria (Niessen), Gasteiz (Florida eta Gorbeia), Durango (Zugaza), Bermeo (Nestor Basterretxea), Eibar (Koliseoa, martiaren 20tik), Gernika (Lizeo Antzokia, 20tik), Portugalete (Ballonti). Baita Madrilen, Bartzelonan eta Galizian be.
Ikusi argazki guztiak handiago