'Kalakalata', 2021eko Ibilaldiak badaukaz kantua eta bideoklipa
2021-03-12 12:56 Euskerea berbagaiXabi Aburruzagarena da musikea, eta berbak Xabi Payarenak.
Maiatzaren 30ean egingo dabe Ikastolen Ibilaldia, Sopelan, osasun egoereak kontrakorik ez badino, behinik behin. Aurtengo edizinoaren kantua eta bideoklipa aurkezteko ekitaldian, Sopelako Ander Deuna eta Leioako Betiko ikastoletako arduradunek ziurtatu dabe, era baten edo bestean ospakizuna egongo dala egun horretan. Seguru moduren bat topauko dogula, adierazo dau Ibilaldia Alkarteko lehendakari Josune Bañalesek.
Ikusi eta entzun kantua hemen.
Ikastolen aldeko jaiak euskaltzaleen agendetara bueltetako prest dagoz, pandemiak igazko urtea hankaz gora ipini eta gero. Halandabe, Euskal Herriko Ikastolen Alkarteko lehendakari eta Betiko ikastolearen ordezkari Koldo Tellituk ohartarazo dauenez, ez gagoz ohiko Ibilaldi baten aurrean. Baina gure gizartean euskal kultureari bozgorailua emon behar deutsagu barriro. Euskerearen alde, ahalegina egin nahi dabe, sormenetik.
Kontuak kontu, maiatzaren 30erako hitzordua egina dago, jaiaren formatu zehatza erabagi barik dagoan arren. Kantua eta bideoklipa be prest dagoz. Kalakalata izenburupean, Xabi Payak izan dau berbak idazteko ardurea, Xabi Aburruzagaren musikearen ganean. Bideoklipa In-komunikazinoa agentziaren esku egon da. Dana dala, Koldo Tellituk adierazo dau eskualde osoko eragileak inplikau dituela sorkuntzan, komunidadearen parte-hartze handia bilatu dogu.
Musikari ugarik hartu dabe parte grabazinoan. Besteak beste, Eriz Perezek, Jose Urrejolak, Xabier Zeberiok, Alberto Urretxok, Andrzej Olejniczakek eta Nikolas Zubiak. Kantuan, lau emakume: Aiora Renteria, Itziar Ituño, Iholdi Beristain eta Maitane Salvador. Sopelako eta Leioako ikastoletako neska-mutilek be kantau dabe, koreografietan parte hartzeaz gan. Bideoklipean, Uribe Kostako dendariak eta suhiltzaileak agertzen dira.
Gaia eta puntua emonda sortu behar izan dau Xabi Payak kantua, Kalakalata lematik abiatuta. Halandabe, Ibilaldikoek egindako eskariari ez deutso ezetzik esan: Ikastolea izan zan nire ama euskalduna, eta hori itzuli nahi izan deutsat. Ganera, umetan legez, gaur egun be ikastolako kide dala gogoratu dau Payak.
Itsasoa eta ura dira kantuaren oinarriak, Kalakalata esalditik tiraka. Payak ikusi dau azken urteotako Ibilaldiaren kantuetan sarri agertu dirala uragaz lotutako metafora eta irudiak: zubiak, errekak, olatuak... Oinarri aproposa begitandu jako Ikastolen eta euskalgintzearen ibilbidearen sinbolo lez. Gizarteari oharra egin deutso: Blai-blai amaituko dogu ezinbestean bide horretan gabizanok. Bitxikeria bat be kontau dau, hau da, aurreko Ibilaldietako kantu batzuen izenburuak dagozala aurtengoaren berben artean.
Xabi Aburruzagak, bestetik, azaldu dau Kalakalata leloa musikara egokitzea eta modu erritmikoan erabiltea izan dala parterik gatxena. Payaren eta beraren artean kimikea egon da hasieratik, eta horrek gauzak erraztu ditu.
Mundu guztiko musikea izan dau gogoan Aburruzagak: erritmoan Afrikako doinuen oihartzunak dagoz, errepikapenak Quebecetik hartu ditu eta instrumentazinoan folkera jo dau. Euskal musikearen pisua be handia da, Aburruzagak berak trikitixea jo dau eta.
Bideoklipa egiteko orduan, jentea bustitzen ahalegindu dirala azaldu dau In-komunikazioa agentziako Xabi Fernandezek. Inplikazinoaren zentzuan ez eze, modu literalean be busti zituen, suhiltzaileen mangeren bidez, bideoklipeko aktoreak. Ganera, belaunaldien arteko alkarlana agertu dabe irudietan. Fernandezek Gatiburen berbak hartu ditu, engantxie daukan bideoklipa egiten ahalegindu dirala esateko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!