Espainiako Kongresuak ofizialtasunaren aldeko erreformak bultzatzeko eskatu dau
2021-03-12 08:35 Euskerea berbagaiZazpi eskaeretatik hiru onartu ditue.
Egunotan eztabaidatu dabe aragoierearen, asturierearen, galizierearen, katalanaren eta euskerearen aldeko Nogara, Iniciativa Pol Asturianu, A Mesa Pola Normalización Lingüística, Acció Cultural del País Valencià, Ciemen, Escola Valenciana, Obra Cultural Balear, Òmnium, Plataforma per la Llengua eta Euskalgintzearen Kontseilua eragileek bultzatutako proposamena. Hamar alderdik alkarregaz aurkeztu eben berezko hizkuntza gitxituen inguruko Legez Besteko Proposamena abenduan: BNG, Compromis, CUP, EAJ, EH Bildu, ERC, JxCat, Más Madrid, PDCAT eta Unidas-Podemosek. EH Bilduren ekimenez heldu zan, hain zuzen, Kongresura.
Eztabaidearen ostean, neurriz neurri bozkatu da proposamena eta honako hiru neurriak onartu dira:
• Berezko hizkuntzen ofizialtasunerako estatutu-erreformak bultzatu eta babestea, hizkuntza horiek ofizialak ez badira hitz egiten diren lurraldearen zati batean edo lurralde osoan.
• Eremu linguistiko bereko lurraldeen arteko hizkuntzen administrazio-erabilera ahalbidetu dezala, muga administratiboen barruan eta kanpoan, oztoporik gabe eta eremu linguistiko horien barruan hedabideak hartzeko akordioak sinatuz.
• Benetako errespetua, eskubideetan zein betebeharretan eta Estatuko botere guztien jardun
konprometituan oinarritua.
Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak ondo hartu dau hiru neurri onartu izanaren albistea, baina era berean autortu dau gizarte eragileon bidez helarazotako proposamenaren egiturazko eskaerak kanpoan geratu dirala: Argi dago, oraindino urrun dagoz eragileok aldarrikatzen ditugun askatasuna, demokrazia eta bardintasuna, hau da, Gobernuak etxeko lan asko dituala oraindino herritarren arteko bardintasuna bermatzeko, adierazo dau.
Kontseiluko eledunak adierazo dau martitzenean ordezko hainbat testu jarri zituela hareen proposamenari zuzenketak egin nahi izan jakezan alderdien aurrean: Eztabaidea hasi baino bost minutu lehenago emon genduzan amaitutzat alkarrizketak, hain zuzen be, alderdi sozialistak hizkuntza-bardintasuna kontzeptua kentzeko eskatu euskunean. Bilbaoren esanetan, marra hori ez genduala gaindituko jakinarazo geuntsen, kontuan hartuta, hareen proposamenaren hainbat elementu txertatu genduzala.
Eztabaidan kontrako jarrerea agertu arren, azkenean, hiru neurri onartu ditu alderdi sozialisteak: Dudarik ez dago gizarte eragileon presinoari esker izan dala, berretsi dau Bilbaok, izan be, gizarteak ez leuke ulertuko beste eremu batzuetan bardintasunaren alde dagoan alderdiak jarrera hain zarratua izatea. Gitxienekoen gitxienekoei muzin egitea ulertezina litzateke, adierazo dau.
Halan da be, aurrera begira jarri da Euskalgintzearen Kontseilua: Hurrengo egunotan, dokumentua jorratu genduan eragileok bileera egingo dogu neurri horreek jorratzeko estrategia atontzen hasteko, bai eta guztion balorazino publikoa egiteko be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!