Gemma New eta Vadim Gluzman, Euskadiko Orkestrearen programan

Bizkaie! 2021-03-11 10:17   Musikea

Gaurtik hilaren 18ra, hamar kontzertu egongo dira.

Vadim Gluzman, Euskadiko Orkestreagaz Bregenzen jotako kontzertuan (argazkiak: Euskadiko Orkestra) | Ikusi handiago | Argazki originala

Iruñean eta Bilboko Musika-Música jaialdian kontzertu handietan parte hartu eta gero, Euskadiko Orkestreak hamar emonaldiko programea dakar, goi mailako konbidadu bigaz: Gemma New zuzendaria eta Vadim Gluzman biolin jolea. Gaur, martiak 11, hasita, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Bilbon izango dira hitzorduak, Bidaiak izenburupean. 

Sir Georg Solti sari ospetsua irabazi barri dau Gemma New zelandabarritarrak, aurtengo denporaldian Orkestrea gidatuko daben hiru emakumezko zuzendari konbidaduetako batek (Ruth Reinhardt eta Anja Bihlmaier dira beste biak). Gaztea dan arren, Hamiltongo Orkestra Filarmonikoko musika-zuzendaria da New, eta Saint Louisko Orkestra Sinfonikoko egoiliarra. Horrezaz gan, pandemiaren aurretik, Dallasko Orkestra Sinfonikoko zuzendari konbidadu nagusi izentau eben.

Programa honetako beste barritasuna Vadim Gluzman biolin jole israeldar ospetsua da. Kontzertuetako lehenengo zatian agertuko da oholtzan, Prokofieven piezak joteko. Gluzmanek ibilbide oparoa dau mundu zabaleko agertokietan: bakarlari izan da Berlingo Orkestra Filarmonikoan, Bostongo Orkestra Sinfonikoan, Clevelandeko Orkestran, Chicagoko Orkestra Sinfonikoan eta Londresko Orkestra Filarmonikoan. Euskadiko Orkestreagaz be ibili zan, orain dala urte bi, Europa erdialdeko biran. 

Gemma New zuzendari dala, beraz, programako kontzertuek zati bi izango ditue. Lehenengoan, Gluzmanek Prokofieven Biolinerako 2. Kontzertua joko dau. Bigarrenean, Schumannen 3. Sinfonia entzun ahal izango da, Renaniarra izenez ezagutzen dan konposizinoa, lanaren harietako bat Rhin dalako, autoreak Koloniara joan zanean ikusi eban ibaia.

Agintariek Covid-19ari aurre egiteko neurriak arindu dituenez, aurreko programetan baino aukera zabalagoa izango dabe zaleek martiko kontzertuez gozetako. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa barruan, behinik behin, herri artean mobidutea baimenduta dago. Ganera, Donostiako eta Bilboko kontzertuen edukierea 600 lagunera igon ahal izan dabe. 

Honeek dira hitzorduak:

- Donostiako Kursaalean: martiaren 11n, 12an eta 18an, saio bikotxak (17:30 eta 19:30).

- Gasteizko Principalen: martiaren 15ean, 19:30ean.

- Iruñeko Baluarten: martiaren 16an, 19:30ean.

- Bilboko Euskaldunan: martiaren 17an, 19:30ean.

Gemma New zuzendaria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu