Berbanet bigarrenez dakar Bizkaiko Foru Aldundiak

Bizkaie! 2021-03-10 09:37   Euskerea berbagai

Erakundeko beharginen artean euskerea erabiltea eta praktiketea dira helburuak.

2020ko udagoienean egin eben lehenengoz Berbanet, eta emoitza positiboa ikusita, barriro antolatzea erabagi dau Bizkaiko Foru Aldundiak. Dagoeneko izena emon leikie interesa daben beharginek, eta apirilean hasiko dira saioak. Modu telematikoan, Foru Aldundiko behargin euskaldunak eta ikasten dabizanak alkartzen ditu Berbanetek, hizkuntzearen erabilerea areagotzeko.

Azken baten, mintzapraktika edo berbalagun erako proiektua da Berbanet, baina Foru Aldundiko beharginen neurrira antolatua. Langileek, euskerea praktikau eta hobetzeaz gan, jentaurrean hizkuntza hori erabilteko ikarea galtzen dabe Berbaneteko jardunari esker. Zer esanik ez, Aldundian euskerea lanerako hizkuntza bihurtzen laguntzen dau. 

Behin izena emoteko epea amaituta (martiaren 25era arteko astia dago), binaka ipiniko ditue parte-hartzaileak. Bikote bakotxean, euskeraz berba egiteko ohiturarik ez dauen eta bere mailea hobetu nahi dauen bat egongo da (berbalaria), eta euskeraz sarriago eta hobeto egiten dauen beste bat (berbalaguna). Astean 30 minutuko saioak egingo ditue, modu telematikoan. Apirilaren 26tik bagilaren 19ra egingo dabe Berbanet. 

Foru Aldundiko Euskera Zuzendaritza Nagusiak bultzatu eta dinamizauko ditu saioak. Egitasmoan parte hartu gura dauenak ez dau hizkuntza eskakizunik bete behar. Dana dala, berbalari izateko, gitxienez B1 mailea edo 1. Hizkuntza Eskakizuna izatea komenidu da. 

2020ko urrian hasita, 120 beharginek hartu eben parte Berbaneten lehenengo edizinoan, hau da, 60 berbalarik eta beste horrenbeste berbalagunek. Bikote bakotxaren beharren arabera, modu ugari erabili zituen asteroko hitzorduak egiteko: telefono deiak, jitsi edo meet aplikazinoak, bideo deiak... Udabarrian barriro izango dabe Berbaneten parte hartzeko aukerea, eta lehenengo edizinoan egon ez ziranek be orain dabe izena emoteko modua. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu