Basque Culinary Center, 10 urte gastronomia sustatzen

Bizkaie! 2021-03-10 08:34   Jan edanak

Gastronomia mundu akademikora, ikerkuntzara eta ekintzailetzara eroan dau.



Basque Culinary Center
-ek 10. urteurrena ospatuko dau sektorerako erronka handiz betetako urtean. Jatorritik, erakundeak Gastronomia 360º ikuspegia landu dau hainbat ekimen eta proiekturen bitartez eta, aurten, orain arte lortutakoa eta etorkizuneko erronkak jorratuko dira, erakundearen balioak oinarri hartuta: pasinoa, bikaintasunerako orientazinoa, barrikuntzea eta giza konpromisoa.

Donostian egoitzea dauen erakundea mundu mailako proiektu aitzindaria da; gastronomia arlo akademikora eroan dau eta Espainiako gastronomia-arloko lehen fakultadea eta mundu mailako gastronomiako lehen doktoretzea abian jarri ditu. Horrezaz gan, gastronomia ikerkuntzearen arlora be bultzatu dau, BBC Innovation gastronomia eta ekintzailetza arloko zentroari esker, 7 urte baino gehiago dituan Culinary Action! ekimenagaz.

Jatorria eta filosofia

Tradizinoa, kulturea, historia, ekonomia, zientzia, esperientzia, ezagutza eta beste hainbat gauza da gastronomia. Sektore estrategikoa da maila ekonomiko eta sozialean. Orain 10 urte sortu zan Basque Culinary Center eta, horren ondorioz, gastronomia-arloko prestakuntza arautua jaio zan, sektoreko profesionalen eskaerei erantzuteko. Unibersidade mailako prestakuntza zentroa da, gastronomia garaikideko beharrizanei aurre egiteko ikuspegi barritzaile eta eraldatzailea dauena. Basque Culinary Centerrek 2011n ateak edegi zituanetik, gastronomiaren oraina eta etorkizunaren buru izango diran profesionalak trebatzen lagundu dau.

Basque Culinary Centerren gauzak egiteko modua zehazten eta osotzen daben kontzeptuak dira talentua erakartea, ikuspegi diziplina anitza eta Learning by doing. Ekosistema hori mundu mailako erreferente bilakatu da, izan be, espiritu ekintzailea dau eta barrikuntzea eta mugen ikerkuntza iraunkorra hartzen ditu oinarritzat.

Gastronomia-sektorerako aurrerapenak eta lorpenak

Ezagutzan oinarritutako erreferentzia-zentro bat sortzea izan zan asmoa. Basque Culinary Center profesionalei entzutearen eta ikuspuntu integral batetik gastronomia-sektorearen garrantzia ulertzearen emoitzea da. Erakunde horrek gastronomia unibersidadeko plazan kokatzea lortu dau Gastronomia Zientzien Fakultadea eta Gastronomia eta Sukaldaritzako Arteen Gradua sortuta. Prestakuntza horrek, dagoeneko, 10 promozino eta ia 500 graduatu ditu, graduaren hiru ibilbideetan: Sukaldaritzako abangoardia, Barrikuntzea, negozioa eta ekintzailetzea eta Elikagaien garapena eta teknologia.

Basque Culinary Centerrek sektorearen prestakuntza jarraitua eta garapen profesionala bultzatu ditu, 10 master sortuta, baita profesionalentzako 400 ikastaro eta espezializazinoko beste 40 eta zenbait tailer, mintegi eta online prestakuntzako programa be. Horrek erakusten dau Fakultadeak sektoreko profesionalen prestakuntzea indartzen dauela, etenbarik prestakuntza-eskaintza barriak sortuta. Basque Culinary Center kulturarteko esparrua da. Horren froga dira ikasturte honetako programa eta ekimenetan parte hartzen daben 35 herrialdetako 600 ikasleak eta 500 profesional baino gehiago.

BCC Innovation sortzeagaz batera, munduko lehen Gastronomiako Zentro Teknologikoa jaio zan, gastronomia-arloko ikerkuntza eta barrikuntzen ardureari eutsiz. Gaur egun, 30 ikertzaile baino gehiago batzen ditu eta arlo zientifiko-teknikoko 57 artikulu eta argitalpen ditu (2013-2021), baita elikadurearen sektoreko enpresakaz batera egindako 150 proiektu baino gehiago be. Era berean, nabarmendu behar da 2019an eratutako LABeDigital Gastronomy Lab, Donostian kokatutako barrikuntza edegirako living lab bat, gastronomia birpentsau eta alkarlanean sortzeko.

Gastronomiak aurrera egiten dau eta Basque Culinary Center gastronomia arlo zientifiko eta teknologikoetan aintzatesteko erreferente bihurtu da. BBCk Munduko lehen Gastronomia Doktoretza programea abiarazo dau gastronomia-arloko goi mailako prestakuntzearen aldeko apustua egin dauelako. Gainera,
International Journal of Gastronomy and Food Science (IJGFS) aldizkaria argitaratzeko prozesuan buru Basque Culinary Center taldekoa da, 2020an gastronomia argitalpen zientifikoen munduan lehen aldiz sartu dauen aldizkari aitzindari bihurtu da.

Gastronomiaren sustapena eta berau ezagutzera emotea izan dira azken hamar urteetako gakoak. Erakundeak 140 ekitaldi baino gehiago bultzatu ditu azken urteetan, urtero 10.000 lagun ingurugaz eta 2020an, ia 200 ekitaldi birtual antolatu zituan, ia 20.000 personek parte hartu ebelarik. Ekimenen
artean, Basque Culinary World Prize nabarmendu beharra da; sukaldariburuentzako sari horrek ekimen eraldatzaileak ekarri ditu eta gastronomiaren Nobel bezela ezaguna da; 5 urtetan, mundu osoko hedabideetan 7.000 barri baino gehiago zabaldu ditu.

Basque Culinary Center mundu mailan eredu da eta nazinoarteko ikuspegia dauen erakunde parebakoa. Era berean, lanpostuak eta aberastasuna be sortu ditu, izan be, urtero 24,4 miloe euroko ekarpena egiten dau eta BPGri 13,4 miloe euroko ekarpena egiten deutso, baita 4,3 miloe euroko zerga-itzulkina be urtero (2018an egindako ikerketa baten arabera).

10. urteurrena

Topaketak, eztabaida-mahaiak eta eduki esklusiboak izango dira hilebete honeetan jorratuko diran ekimenetako batzuk. Horreen bidez, Basque Culinary Centerrek 10 urteko ibilbidea ospatuko dau. Jarduera-programa jarraitua izango da, nahiz eta egokitu egin ahalko dan COVID-19ak sortutako testuinguruaren arabera. Halan da be, Basque Culinary Centerren ibilbidean presente egon diran eragile eta kolektibo guztiak hartuko ditu kontuan, erakundeak, enpresak, ikasle ohiak, patronatuko kideak, nazinoarteko aholkularitza-batzordea, Basque Culinary Center osotzen daben personak, baita oraingo ikasleak eta sektoreko persona garrantzitsuak be. Ospakizun horreek 2021eko irailean amaituko dira.

Etorkizunerako proposamena

Mundua erronka handi batzuei aurre egiten dago eta Basque Culinary Centerreko arduradunek uste dabe gastronomia urtenbidearen parte dala. Gainera, sektorea aurrekaririk bako eraldaketa-prozesuan dagoala eta erakundeak, goi mailako prestakuntzea ardatz hartuta, gastronomiaren ikerkuntzeari eta
barrikuntzeari laguntzen jarraituko dau, gastronomiak dauen ahalmen eraldatzailea azpimarratuta bere ekimen eta jardueren bitartez.

Basque Culinary Center Fundazinoa

Fundazinoa alkarlan publikoaren eta pribatuaren arteko adibide bikaina da; hain zuzen, honako honeek osotzen dabe: ezagutzaren sektoreko erakundeak (Mondragon Unibersidadea eta Azti Tecnalia), erakunde publikoak (Eusko Jaurlaritzea, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ordezkatua, Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia), enpresa pribatuak (Grupo Eroski, Grupo Martiko, COVAP, Familia Mahou San Miguel eta Fagor Industrial) eta sukaldariak (Juan Mari eta Elena Arzak, Pedro Subijana, Martín Berasategui, Andoni Luís Adúriz, Karlos Arguiñano, Eneko Atxa, Hilario Arbelaitz eta Diego Guerrero).

Basque Culinary Centerrek, gainera, nazinoarteko batzorde bat dau; presidentea Joan Roca da eta, gainontzekoan, munduko eragin handieneko beste hamahiru sukaldariz osotuta dago. Nazinoarteko batzorde horrek aholkularitza estrategikoa eskaintzen deutso Basque Culinary Centerri eta gastronomia-arloko mundu
mailako erreferentziazko think-tank bat da. Honako sukaldariburu honeek dagoz: Ferrán Adriá, Joan Roca, Gastón Acurio, Dominique Crenn, Alex Atala, Dan Barber, Michel Brass, Massimo Bottura, Enrique Olvera, René Redzepi, Yoshihiro Narisawa, Heston Bluementhal eta Trine Hahnemann.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu