Diputatuen Kongresuak aukerea izango dau gaur demokraziaren alde egiteko

Bizkaie! 2021-03-09 12:09   Euskerea berbagai

Gizarte demokratikoagoa, bardinzaleagoa eta justuagoa eregitearen aldeko jarrerea da gurea.

Gaur eztabaidatuko da Madrilgo Kongresuan berezko hizkuntza gitxituen inguruko Legez Besteko Proposamena. Hamar alderdik alkarrekin aurkeztu eben proposamena abenduan: BNG, Compromis, CUP, EAJ, EH Bildu, ERC, JxCat, Más Madrid, PDCAT eta Unidas-Podemosek. Gaur, EH Bilduren ekimenez helduko da Kongresura, arratsaldeko bilkuran eztabaidatu eta bozkatzeko.

Horren atariko, agerraldia egin dabe Madrilgo Kongresuan euskerearen, aragoierearen, asturierearen, galizierearen eta katalanaren aldeko honako eragileak: Nogara, Iniciativa Pol Asturianu, A Mesa Pola Normalización Lingüística, Acció Cultural del País Valencià, Ciemen, Escola Valenciana, Obra Cultural Balear, Òmnium, Plataforma per la Llengua eta Euskalgintzearen Kontseilua. Madrilgo Kongresuaren atarian batu dira, izan be, 2020ko zezeilean alderdiakaz batu ziren bertan eta hizkuntzen bardintasunaren eta aniztasunaren aldeko konpromisoa eskatu jaken. Horren emoitza da gaur diputaduen kongresura helduko den Legez Besteko proposamena.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkariak azpimarratu dau demokraziaren alde egiteko aukera aparta izango dabela alderdiek: Diputatuen Kongresuak aukerea izango dau demokraziaren alde beste pausu bat emoteko. Gaurko eztabaidearen muina hor kokatzen baita: gizarte demokratikoagoa, bardinzaleagoa eta justuago bat eregitearen aldeko jarreran. Zezeileko bilkuran, hizkuntza-aniztasunaren kudeaketa egokia eta justua bermatzeko neurriak eta urratsak eskatu eutsezan eragileek alderdiei, herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzeko. Horretarako, Hizkuntza-aniztasuna: Askatasuna, bardintasuna eta demokrazia dokumentua aurkeztu jaken, gaur eztabaidatuko dan Legez Besteko Proposamenaren oinarria izan dana.

Bilbaok gogoratu dau inoiz baino beharrezkoagoa dala Legez Besteko Proposamena onartzea, izan be, Espainiako Gobernuak uko egin deutsee barriro be Europako Kontseiluaren gomendioei, Eskualdeko edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna berretsita izan arren: Horrek argi erakutsi dau beharrezkoa dala egiturazko aldaketea, baldin eta Estaduak berak berretsitako ituna beteko badau.

Horregaitik, gaur demokrazia, bardintasuna eta justizia oinarrian dagozala esan behar dogu eta parametro horreek bere egiten dituen alderdiek ezin dabe hutsik egin», ziurtatu dau Bilbaok: «Ez dogu bigarren mailako herritarrak izan gura.

Arratsaldeko eztabaidea jarraituko dabe eragileek alkarregaz Kongresutik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu