'Emakumeek jantzan egin dabe beti'
2021-03-08 13:12 KultureaOier Araolazaren tesiaren izenburua da Genero-identidadea euskal jantza tradizionalaren eraikuntzan.
Kontrakoa kontau dan arren, emakumeek be jantzan egiten zituen gizonen jantzatzat hartuak diran zenbait jantza, aurreskua, esaterako. Horren harira, euskal jantzetan indarrean izan diran genero-identidadeak eta rol estereotipatuak noiz eta zelan eregi ziran ikertu dau UPV/EHUko Ikusentzunezko Komunikazinoa eta Publizidadea saileko ikerketa-lan batek eta berretsi dau emakumeak euskal jantzearen historian sasoi guztietan jantzan egin dabela.
Zergatik dira desbardinak emakumeen eta gizonen jantzak? Ba dago emakume jantzakera bat eta gizonen jantzakera bat? Jantzarako nesken janzkerea eta mutilen janzkerea beti izan dira desbardinak? Ardura horreek eta antzeko galderak sortu dira azken urteotan euskal jantza tradizionalen praktikaz gogoetea egiterakoan. Jantzearen eta generoaren inguruko gogoeta hau XXI. mendean indartu jaku, baina galderak orainaldia eregiten parte hartu daben joaneko jazoera eta ideei buruzkoak dira. Jantza horreek tradizinoko jantza moduan definiduten diran neurrian, galdera horreen erantzunen bila lehenaldira jo dot, azaldu dau Oier Araolaza Arrieta UPV/EHUko ikertzaileak eta dantzan.com, jantzak sustatu eta zabaltzeko alkartearen kudeatzaileak.
Euskal jantza tradizionalaren eta generoaren inguruan bada sustraitua dagoan ikuspegi oker bat: uste da emakumeek ez ebela jantzarik egiten edo ez behintzat jantza garrantzitsurik eta ikusgarririk. Azken hogei urteetan zenbait ikertzailek ukatu daben idea da, baina oso zabalduta eta sustraituta dagoanez, nahiz eta okerra izan, oraindino indar handia dauka jantza-taldeetan zein gizartean. Emakumeek egiten zituen jantzak beti barriak edo sorkuntzak zirala pentsetan zan, emakumeei aukera hori emon ahal izateko, edo gizonezkoen errepertoriotik egokitutakoak zirala kontuan hartzen zan, dino Araolazak. Hain zuzen be, ikuspegi oker horri bueltea emotea da lan honen helburua eta horretarako euskal jantza tradizionalaren zenbait etapa aztertu ditut: XIX. mendearen azken zatia eta XX. mendeko lehen partea, izan be, marko krononologiko horretan biak batera jazo ziran: genero ikuspegietan eraldaketak eta euskal jantzen tradizino brriaren eraikuntzea, adierazo dau Araolaza Arrietak. Aurreskuaren kasuan ikusi dogu: 1920ko hamarkadatik aurrera errepetidu izan da emakumeek ez ebela aurreskurik jantzan egiten eta hori ez da holan, XX. mendera arte aurreskua jantzan egiten eben emakumeen kasuak ezagutu ditugu. XX. mende hasieran, barriz, jantzan egiteko errepertorio ezbardinduak egin ziran: emakumeen jantzak eta gizonen jantzak. Ordura arte ez egoan holako sailkapenik eta esaterako aurreskua, gizonek eta emakumeek egiten ebena, gizonen jantzatzat hartu eta hortik aurrera gizonek egiten eben. Bardin ezpata-jantzeagaz, makil-jantzeagaz eta zeozelan indarra ezaugarri nagusi daben jantzakaz. Samurragoak eta goxoagoak diran jantzak, barriz, emakumeen jantzatzat hartu diran nahiz eta aurretik gizonek be jantzan egin (arku-jantzak, zinta-jantzak, sagar-jantzak...), dino Araolazak.
Lan honetan ikertu dot zergaitik esan eben guzurra sasoi haretako zenbait adituk, zergaitik ukatu eben, esaterako, emakumeek aurreskua jantzan egiten ebela. Ez zan hautu kontzientea izan, moral kristinaua, abertzaletasuna eta genero ikuspegia gurutzatuta jasotako errelatoa baino, azpimarratu dau.
Bestetik, —gehitu dau ikertzaileak— jazkeran be eragin eban. Gizonek joan behar eben zuriz, praka luzeakaz, abarketakaz eta txapel eta gerriko gorriz jantzita. Emakumeari gona gorria eta buruko zapia egokitu jakozan. Aurretik, emakumeek txapelagaz jantzan egitea sano arrunta zen eta praka laburrekaz be egiten eben.
Ikerketa honen bidez, emakumeak euskal jantzen historian sasoi guztietan jantzan egiten ebela berresteaz gan, emakumeen ekarpenak eta eraginak azaleratzen hasteko aukerea izan da eta ukatua izan bazan be, jantzen historiak jaso ebana baino parte hartze handiagoa eta garrantzitsuagoa izan ebela ikusteko modua eskaini dau, adierazo dau Araolazak.
Ikertzaileak nabarmendu gura izan dau, jantzan agirikoak diran eta jantzearen bidez gizarteratutako genero rolak eregi egin zituela eta horreen zama barik, jantzan libreago jardutea posible dala. Hori egin ezkero, tradizinoari traizino baino tradizinoagaz zintzoago eta gure komunidadeko kide guztien eta, batez be, emakumeen aurrean, bidezkoago jokatuko dogula sinisten dot. Ez dakit jantzek libreago egin gaituen, baina jantzan libreago ibilteak zoriontsuago be egingo gaitu. Lan honetan badago gogo bat, ahalegin bat, unibersidadea eta jantzak batu eta buztartzeko, jantzek badabe unibersidadearen beharra, ikasketa eta transmisino sistema horretan sartzeak mesede egin leikiola uste dot. Eta iruditzen jat unibersidadeak be badauela jantzen beharra. Beste unibersidade batzuetan jantzak sistema unibersitarioan integrauta dagoan ikasketa alorra da. Hemen, gurean, jantzek ez dabe espazio propiorik, azpimarratu dau Oier Araolaza Arrieta jantzari eta antropologoak.
Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972)
Doktore-tesiaren izenburua: Genero-identidadea euskal jantza tradizionalaren eraikuntzan da. UPV/EHUren Mikel Laboa Katedrearen bekeari esker egin dau ikerketea, Ikusentzunezko Komunikazinoa eta Publizidadea sailaren Gizarte Komunikazinoa doktorego programearen barruan. UPV/EHUko Leire Ituarte Perez Ikusentzunezko Komunikazinoa eta Publizidadea saileko irakaslea eta Nerea Aresti Esteban Historia Garaikidea saileko irakaslea izan ditu zuzendari. UPV/EHUko Mikel Laboa Katedraren eta Dantzan.com alkartearen laguntzeagaz egindako tesia da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!