Jone Laspiur, emakumezko aktore onenaren saria euskerazko film bateko protagonistearentzat
2021-03-08 07:43 ZinemeaAne filman egindako lanagaitik saritu dabe.
Euskal zinemeak Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak emoten dituan zortzi Goya sari jaso ditue Akelarre eta Ane filmek. Pandemiak markatuako ez ohiko zeremonia batean filmik sarituena Akelarre izan zan. Pablo Agueroren filmak bost Goya sari eroan ditu: Efektu Bereziak, Makillaje eta Ule-apainketa, Jantziak, Jatorrizko Musikea eta Zuzendaritza Artistiko onena. Ane filmak, barriz, hiru Goya sari jaso ditu tartean Emakumezko Aktore Protagonista onenaren saria Patricia Lopez Arnaizentzat eta Emakumezko Aktore Barri onenaren saria Jone Laspiurrentzat. Gainera, David Perez Sañudok zuzendutako filmak Gidoi Egokitu onenaren saria be irabazi dau.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu dauenez, gau pozgarria izan da euskal zinemarentzat eta batez be euskeraz egindako zinemearentzat eta Ane eta Akelarre filmek jasotako sariakaitik. Goya sarietan izentaua eta saritutako euskal filmek euskal zuzendari, gidoilari eta interpreteen eta gure musikeari eta musikagileen sormen talentua eta euskal produktore profesional eta enpresen produkzinoaren gaitasuna bistan itxi dabe. Gainera, Zupiriak azpimarratu dauenez, euskal film sarituenak euskeraz filmautako filmak dira. Emakumezko aktore onenaren saria euskerazko film bateko protagonisteari emon deutsen lehen aldia da. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren ustez, sari honeek balio berezia dabe, COVID-aren ondorioz urte gogorra izan dalako, benetan gatxa izan dalako filmak aretoetan estreinetea eta filmei euren bidea egitea normalean baino gehiago kostau jakelako.
Bingen Zupiriak zinemearen euskal sistema bat izateak gure herriarentzat eta gure kulturearentzat dauen garrantzia azpimarratu nahi izan dau aktoreek, gidoilariek, zuzendariek, musikariek, musikagileek, arlo artistiko eta sortzaile guztietako profesionalek, produkzino etxeek, Donostiako Zinemaldiak eta EiTBk parte hartzen dabelako eta erakunde publikoen eta euskal telebista publikoaren babesa eta konpromisoa dabelako. Urte gogor honek euskal zinemagintzan itxi dauen uzta bikaina ospatzeko momentua da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!