Bertsolariek Durangaldea 'uztabarrituko' dabe

Bizkaie! 2021-03-05 10:27   Bertsolaritzea

Eskualdeko bertsolariak protagonista dirala, 11 saio antolatu ditue.

Bertsolarien jarduna eta bertsotarako plazak suspertzeko asmoz, Durangaldea uztabarritzen izeneko zirkuitua jarri dau martxan Durangaldeko Bertso Eskoleak. Egitarau potoloa atondu dabe, eskualdeko bertsolari beterano zein gazteei kantetako aukerea emon eta herri guztietako zaleakana heldu guran. Lehenengo saioa martiren 13an, zapatua, izango da, Elorrioko Gaztetxean.

Dagoeneko urtebetera doan osasun larrialdiak eragin sakona izan dau bertsogintzan, saioak antolatzeko aukerak asko txikitu diralako. Horri aurre egiteko asmoz pentsau dau Durangaldeko Bertso Eskoleak dinamika barria martxan jartea. Bertsolariez eurez gan, ganerako eragileak be kontuan izan ditue: zaleak, herriak eta pandemiaren ondorioz ekitaldiak antolatu ezinda geratu diran guneak.

Osasuna babesteko neurriak oraindino martxan dagozan arren, modu seguruan saioak antolatzeko moduan dagoala uste dau bertso eskoleak, Durangaldeko bertso mobimendua ez daiten eten. Saio guztiek ez dabe formatu bardina izango, batzuk aretoetan egingo ditue, eta beste batzuk informalagoak izango dira.

Eskualdeko bertsolariakaz batera, konbidadu bereziak ekarteko asmoa dabe, esate baterako, gorengo mailako bertsolariak. Era horretara, Durangaldeko bertsolari gazteek eta Euskal Herri osoan ezagunak diran beteranoek alkar ezagutuko dabe, oholtzea konpartiduta. Ikasteko aukera polita be izango da hori. 

Zaleak ondo aseta ixteko asmoz, 11 saio iragarri ditue, martian hasi eta garagarrilera arte. Honeek dira herriak: Elorrio (martiaren 13an), Durango (27an), Iurreta (apirilaren 16an), Zaldibar (24an), Zornotza (30ean), Otxandio (maiatzaren 8an), Berriz (29an), Mallabia (bagilaren 19an) eta Abadiño (garagarrilaren 2an. Zornotzan eta Durangon bigarren saioak be egongo dira, bagilaren 12an eta garagarrilaren 10ean, hurranez hurran.

Lehenengo hitzorduan, Elorriokoan, Iruri Altzerrekak, Txaber Altubek, Erika Lagomak eta Aitor Estebanek kantauko dabe, 18:30ean hasita. Gai-jartzailea Iker Apraiz izango da. Pandemiagaitik ezarritako murrizketak dirala eta, baztertuta geratu dan gunea da Elorrioko Gaztetxea, eta Durangaldea uztabarritzen zikloaren bidez bizia emon nahi deutse. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu