Edurne Etxebarria: 'Egoera larrien aurrean be beti dago zer ikasi'

Koldo Isusi Zuazo 2021-03-08 07:50   Barriketan

Martiak 8, Emakumearen Nazinoarteko Eguna izaten da eta aurten pandemiaren eragina be igarri dogu, manifestazino eta protestatan jente pilaketak ebitau behar dirala esan deuskue osasun agintariek eta zenbait mediku alkartek, baita Emakumearen Euskal Erakundeak be. Eusko Jaurlaritzako bozeroaile Bingen Zupiriak jakinarazo dau Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 40tik gora manifestazino egiteko baimenak erregistrauta dagozala eta protestok galarazotea ezinezkoa dala, manifestazinorako eskubidea oinarrizko eskubidea dalako.

Gauzak holan dirala, Ipar Euskal Herriko sindikatuek grebea deitu dabe eta egun bizi dogun egoeran, arauak, distantziak eta aforoak errespetauta, protestak nahitaezkoak dirala dino Euskal Herriko Bilgune Feministeak eta EAEko Amnesty International erakundeak, barriz, online protestea aldarrikatu dau.

1.- Emakumeak Burrukan, EAEko Amnesty International erakundeak atondutako erakusketea ikusgai dago Bilbon, Deustuko Unibersidadeko Klaustroan eta Bilboko Metroak San Nikolasen dauen geltokian (Zezeilaren 26tik martiaren 15era). Zer topauko dau bisitariak erakusketan?

Zazpi bloke ditu gaika antolatuta eta gure sasoiko hamabi emakume eredugarriren historia azaltzen da erakusketan, erakutsi dabelako mundua era baketsuan aldatu daitekeela. Emakumeak dira, besteak beste, Loujan al-Hathlou saudiarabiarra, gidatzeagaitik kondenatua eta Yasaman Aryani iraniarra, beloa nahitaez erabili beharraren kontra berba egiteagaitik. Kartzelan dagoz biak baina egoera larri horreetan aurre egin izan deutsee arazoei.

Erakusketa ibiltaria Bilbotik Donostiara joango da baina Bilbora etorri aurretik, Badalona, Zaragoza, Tarragona, Alacant, Malaga eta beste uri batzuetan be egon da.

2.- Hamabi emakume horreetatik zein nabarmenduko zeunke?

Marielle Franco brasildarra. Marielle emakume baltza, fabelatan hazia, emakume ahaldundua, emakumeen oinarrizko eskubideen aldekoa, herrialdean zinegotzia zala hilda topau eben eta munduan zehar zabaldu zan barria. Egun, ez dagoz argi Marielleren heriotzaren gaineko zehetasun guztiak eta hor ibili gara, geuk be geure ekarpentxua egin dogu.

Emakumeak Burrukan erakusketa ibiltaria, Deustuko Unibersidadeko Klaustroan egongo da martiaren 15era, eskola orduetan. Eta Bilboko Metroak San Nikolasen dauen geltokian be ikusi ahal izango da marti osoan. Apirilean eta maiatzean, lur azpiko beste geltoki bitan egongo da baina orandino zehaztu barik dagoz datuak. Aurrerago Donostian ikusi ahal izango da erakusketea.

3.- Martiak 8, Emakumearen Nazinoarteko Eguna pandemiak be eragin dau eta egunean izaten diran mobilizazino eta manifestazino jentetsuak ebitau egin beharko litzatekezala adierazo dabe osasun arloko agintariek zein medikuek. Milazak lagun espero dira eta holako egoerak ez ei dira egokienak birusari eusteko. Zein da zure eretxia?

Protesta baketsuak ezin dira galarazo oinarrizko eskubide diralako baina pandemia gure artean dago eta horri aurre egiteko neurriak hartu behar dira.

Norberaren jarreran dago gaia. Etxean egon gara luzaroan, distantziei eusten deutsegu, aforoak, maskareagaz be ia danok gabiz eta ez da ezer pasau. Online protestearen alde egin dau, etxetik gure jarrerea erakusteko igure lanaren barri emon eta zabalduteko jarrereari eutsiko deutsagu. Hortik gora, indarreko arau guztiak bete eta norberaren herrian manifestazinoetan parte hartzea ez dot txarto ikusten.

4.- Osasun-krisia ei da gizartearen arazo guztien erantzule ala badagoz beste arrazoi batzuk?

Pandemiak gizarte mailan, kulturan zein ekonomian eragin dauena ukaezina da eta krisi sanitarioa be hemen dago. Beste arrazoirik ete dagoan, baietz esango neuke holako egoera negargarrietan be beti egoten diralako interesak eta enpatia bako personak. Arrazoi zein jarrera politiko okerrak be nabarmenduko neukez baina sekula bizi ez dogun errealidadea ekarri deusku pandemiak eta, pentsau ez arren, holako egoera larrien aurrean be beti dago zer ikasi.

5.- Sistemea arrakalatzeko aldarria egin dau Euskal Herriko Bilgune Feministeak... Dana aldatu, sistemea arrakalatu!. Zein da zure eretxia?

Sistemea sortu zanetik gizonaren figurea izan da beti ikusgarriena eta, esangura horretan, ez da txarra aitatu aldarrikapena. Errotik aldatu behar diran gizonezkoen jarrera eta pribilegioak dagoz eta hor sartzen ez bagara, akabo. Desbardintasun sozialak eta ekonomikoak, familietan eta personen artean dagozan jarrera matxistak indarbakotu behar dira eta emakumeen rolak deuseztatu. Gizonen parean gagoz eta kapaz gara edozein lan egiteko.

6.- Gizon eta emakumeen arteko bardintasuna da betiko aldarria baina badagoz bestelako eskabideak be. Zeintzuk?

Gizonak emakumea zapaltzea eta hiltea ez dago ondo; urtea hasi zanetik Espainian 4 emakume hil ditue eta indarkeria matxista hori ezin da inondik inora onartu. Beharlekuetan be Oinarrizkoa da Gizon eta emakumeen arteko bardintasuna eta soldata-arrakalea be ez daigun ahaztu. Gaindegia, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak emondako datuen arabera, soldatapeko emakumeek gizonek baino % 11,7 gitxiago irabazten dabe lanorduko Euskal Herrian. Genero arrakalea nabarmen handitzen da 50 urtetik gorako emakumeenen artean, lanaldi partzialak edota kualifikazino formalik eskatzen ez daben lanpostuak nagusi diran edadeetan.

7.- Nork jagoten dau? Jarri daigun agirian. Egin daigun jagokuna, jagoletza-lanak ikusarazoteko, baloretako eta gizarte osoaren artean banatzeko beharra azpimarratu dau Emakundek eta, egia esan, jagoletzea erdigunean jarteko beharra feminismoaren aldarrikapen handietako bat da...

Bat nator. Jagoletzea emakumearen ardurea izan da beti, bikotea, seme-alabak, edadekoak eta jagoletzea ogibidetzat dabenen artean be emakumeak dira gehienak eta gizon batek be bardin egin leikez lanok. Ohituta gagoz eta erizain, idazkari, supermerkatuetako behargin, garbitzaile eta enparauetan emakumeak dabiz.

Jagoletzeari jagokonez, emakumearen ikusezintasuna, emakumeen eta gizonen arteko jagoletza lanen banaketa desorekatu horrek emakumeen desabantaila sozioekonomikoa indartzen dau, hezkuntzarako, osasunaren arretarako, bizitza publikorako eta ordaindutako enplegurako daben sarbidea mugatuz.

Beste gauza bat esango deutsut, Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako VII. Planean nabarmentzen da jagoletza-lanen hornidurea Estaduaren, merkatuaren, familien eta gizarte zibilaren artean berbanatzeko gizarte-antolaketa barria behar dala eta horrek esan gura dau jagoletza-lanak ez dituala modu naturalean onartu edo beren gain hartu behar emakumeek.

8.- Kantuetan ustez gorrotoa eragitea, enpatia eza zein monarkiaren kontrako mezuak zabaltzearren atxilotu eta karteleratutako Pablo Hasel raperoaren gaiak bazterrak nahastau ditu. Adierazpen askatasuna mugatzea bidezkoa da?

Barriketaldi potoloa egin geinke horri buruz baina adierazpen askatasuna giza eskubidea da eta nor gara gu holako saltsatan sartzeko, zuretzat iraingarria eta bidebakokeria dana niretzat onargarria izan daiteke. Niretzat ez da bidezkoa Haselek esan dituanak esatea kartzelara bialtzeko arrazoia izatea, gustau ala gustau ez errespetau egin behar dogu.

Gaiaren harian, izenik aitatu barik, egon dira gorrotoa eragiteko moduko adierazpenak eta ez dira epaitu be egin.

9.- Adierazpen askatasuna indartzeko Zigor Kodea aldatzeko eskatu dau Amnesty Internationalek. Zer da zehatz eskatzen dozuena?

Mozal Legea argitaratu zanetik Amnesty Internationalek aitatu legea indarrik barik ixteko eskatu eban. Manifestazino bat atontzeagaitik, eretxia emoteagaitik eta erakunde edo alkarte jakin batekoa izateagaitik persona bat kartzelara bialtzea ez da zuzena. Zigor Kodean, adierazpen askatasunaren kontrako delituen barrikuspena eta egokitzapena egitea eta motiborik badago indarrik barik ixtea be eskatzen dogu. Prozesua luzea izango da baina gure bazkide guztien babesari esker aurrera egiteko esperantzea eta ilusinoa ditugu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu