Euskereak Antxinaroko Gipuzkoan itxitako aztarnak ikertu ditu Luis Mari Zalduak
2021-03-04 13:14 Euskerea berbagaiTeoriarik zabalduenak zalantzan jarteko datuak batu ditu liburu baten.
Euskaltzaindiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoa Antzinaroan: hizkuntzak eta eremu linguistikoak izeneko liburua aurkeztu dabe Donostian. Luis Mari Zaldua Etxabek idatzitako azterlan horretan, Gipuzkoan euskereak aspaldi itxitako arrastoak jorratu ditu, Antxinaroan (erromatarrak ailegau ziranean batez be) euskeraz berba egiten ete zan jakiteko asmoz. Toponimian topau ditu datu gehienak.
Hain zuzen be, autoreak Donostiako agerraldian azaldu dauenez, adituen artean zabal-zabal dabilen teoria bat zalantzan jarteko arrazoiak topau ditu. Teoria horren arabera, erromatarrak gaur egun Gipuzkoa dan lurraldera heldu ziranean, beste herri indoeuropar batzuk bizi ziran, eta euskerea Nafarroatik joandako jenteak eroan eban geroago. Zalduak batu dituan datuen arabera, ostera, euskeraz berba egiten eban jentea egon zan Antxinaroan be.
Zalduak ez dau ziurtatu nahi izan orain arteko teoria hori okerra danik (horretarako ikerketa gehiago behar dira), baina, behinik behin, berau zalantzan jarteko arrazoi sendoak dagozala uste dau. Jarraitzaile asko ditu ikuspegi horrek, baina, liburuaren egilearen arabera, teoriak ahultasun ugari ditu, eta froga gitxi batzuetatik atera dira ondorio nagusiak.
Leku-izenak, erromatarren garaiko epigrafiak eta geografo eta historialarien datuak bilatu ez eze, modu bateratuan aztertu ditu Zalduak, ikuspegi orokor horretatik ondorioak ateratzeko. Geroagoko izenakaz be konparau ditu datuak. Gipuzkoan Antxinaroan ze hizkuntza-egoera egoan ezagutzea izan da bere helburua.
Liburuan Zalduak dinoanez, aztertu dituan leku-izen eta ganerako lekukotzetan ikusten da euskerea zala jatorrizko hizkuntzea Gipuzkoan, eta ondoren etorri ziran herrien hizkuntzak jarri zirala ganetik; eta ez alderantziz, aspalditik datorren teoriak dinoan moduan. Euskal jatorrikoak ez diran leku-izen zahar batzuk aztertzeko orduan, Zalduak ikusi dau hareen bilakaerea dan modukoa izatea ez dala posible aurretik euskerea ez balitz berba egin.
Hortaz, ondorio nagusia da, Gipuzkoan Antxinaroan euskal enborreko hizkuntza bat erabilten zala: badirudi euskaldunok hemen bizi ginala Antxinaroan. Bederatzi ataletan banatu dau liburua, eta Roberto Gonzalez de Viñaspre eta Patxi Salaberri euskaltzain osoen berbaurre bana dakarz.
Andres Urrutia euskaltzainburuak azpimarratu dauenez, behar-beharrezkoa da euskerearen nondik norakoak ezagutzea eta ezagutarazotea, badagozalako uste ustelak, oinarri sendorik bakoak, eta horreen parean lan arduratsu eta zorrotzak jarri behar doguz.
Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olano be aurkezpenean izan da. Gipuzkoaren izakera eta bilakaera historikoa aztertzeko garaian, funtsezko elementua da euskerea eta euskal kulturea, adierazo dau Olanok. Gure lurraldearen iragana eta oraina ezin da ulertu euskera barik.
Izenak bilduman plazaratu dabe liburu barria. Liburu-dendetan ez eze, Euskaltzaindiaren webgunean be erosi leiteke (hemen).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!