2021eko Open Callek baditu irabazleak
2021-03-04 11:38 Kulturea2021eko GetxoPhoto, irailaren 1etik 26ra izango da.
GetxoPhotoren laugarren nazinoarteko deialdiak inoiz baino proposamen gehiago jaso ditu aurten: 45 herrialdetako 331 proiektu. Lan asko Europatik (Espainia, Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Italia, Grezia edo Portugal, besteak beste) eta AEBetatik heldu badira be, Nigeria, Iran, Irak, India, Bolivia, Japonia, Txile, Ukraina, Australia, Kuba, Brasil, Peru edo Mexikoko artistek be parte hartu dabe deialdian.
Cristina de Middelek (Magnum Photos-eko argazkilaria), Mariama Attahk (Open Eye Gallery Photography Museum-eko komisarioa), Jon Uriartek (The Photographers Gallery-eko komisario digitala) eta Gwen Leek (SIPF Singapurreko Nazinoarteko Argazki Jaialdiko zuzendaria) osotutako nazinoarteko epaimahaiak honako lau lan izentau ditu irabazle:
Zahara Gómez & Las Rastreadoras del Fuerte. Recetario para la memoria (Mexiko)
Proiektu kolaboratibo honek –gastronomikoa, fotografikoa eta soziala aldi berean– gaur egun Mexikon izaten diran desagertze behartuetara hurreratzen gaitu. Desagertutako personen senideek biktima horreen plater gogokoenak ezagutzera emoten ditue errezeta-liburu hunkigarri honetan, izan be, janaria identidadea eta historia be bada.
River Claure. Warawar wawa (Bolivia)
Izarren semea (aymara hizkuntzan) Andeetako kultura garaikide barrira egokitutako Printze txikia liburuaren birkontestualizazino ariketea da. Denpora luzez, Bolivia atzerriko narrazino folklorizatzaileetara murriztua izan da, eta begirada homogeneo honek eragin nabarmena izan dau boliviar iruditerian bere burua pentsetaeko orduan. Proiektu honetan egileak bere identidade hibridoa konpartidu gura dau, mendebaldeko aztarnak besarkatuz eta ez ukatuz baina aldi berean, sustraietara ondo errotua.
Shelli Weiler. Enjoy House (AEB)
Enjoy Housek, New York eta Los Angelesen, Instagramentzat egindako selfie fabriken ugaritzea dokumentetan dau, inguru areriotsu eta bizibako aurkeztuz. Fantasia eregiteak ezinbestean porrota zelan dakarren aztertzen dau. Artifizioaren puntu gorenean benetakotasun-momentuei erretratuak ataratean, personek eurak inguratzen dituen atrezzoetara egokitzeko beren burua fabriketako eran arretea jarten dau artisteak.
Etinosa Yvonne. It’s all in my Head (Nigeria)
Oraingoz proiektu amaibako honek terrorismotik eta gatazka larrien egoeretatik bizirik urten daben personen biziraupen mekanismoak aztertzen ditu, irudien bidez persona horreen aurrera egiteko ahaleginak erakutsiz. Gehienek bizitza barrietara egokitzea lortzen daben arren, asko eta asko ez dira sekula euren esperientziei buruz berba egiteko kapaz izan. Egileak bizirik urten ebenen egoera mentala ezagutzera emoteko ekin eutson saio honi.
Epaimahaiak proposamen irabazleen kalidadea, aniztasuna eta ikuspuntu desbardinak nabarmendu ditu, izan be, egungo arazoak jorratzen dituen lanak dira, besteak beste, Mexikon desagertutakoen egoerea, nortasun kulturalak, sare sozialak eta indarkeriaren ondorioak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!