Soinu barriak bilatu ditu Eneritz Furyakek 'Emadan' diskoan
2021-03-04 08:36 MusikeaAhotsari eta gitarreari sintetizadoreak gehitu deutsaz.
Aurreko disko bietan erakutsi eban musikea sortzeko dauen gaitasuna Eneritz Furyakek, folk eta rocka oinarri daben kantu indartsuen bidez. Bide ezagunean aurrera egin beharrean, baina, gauza barriak probau nahi izan ditu hirugarren diskoan, eta, betiko estiloa desagertu ez dan arren, bestelako jarrerea topauko dabe zaleek Emadan-en.
Orain arte plazaratu izan dituan kantu basatien aldean, disko barrikoak pixka bat leunagoak dira, ilunagoak; trukean, entzuleak sakontasun handiagoa jasoko dau, artistearen mundu intimoa hobeto ezagutzeko. Ohiko ahots eta gitarreari, oraingoan, sintetizadoreak gehitu deutsaz. Hortaz, Furyaken lanari etiketak jartea gatxa dan arren, post-folk, rock eta musika elektronikoa buztartu dituala esan leiteke.
Bakarkako hirugarren lana da, beraz, Emadan, eta benetan da bakarkakoa. Diskoko hamar kantuak berak sortu ditu, berak bakarrik joteko. Ganera, nahasketak, azala, diseinua eta proiektuaren beste alderdi asko be berak egindakoak dira.
Hurrengo asteetan zuzenean aurkeztuko dau Eneritz Furyakek Emadan. Gaur bertan, martiak 4, Donostiako Dabadaba aretoan joko dau, 19:00etan. Martiaren 20an, Tolosako Bonbereneako oholtzara igongo dau. Furyakek berak autortu dauenez, disko barria ez dau zuzeneko kontzertuetan pentsauta sortu, baina ziur zaleek gogoz hartuko dabena irundarraren itzulerea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!