53 irakasle eta 29.500 ikasle dabiz hezkuntza arautuan bertsolaritzea lantzen

Bizkaie! 2021-03-03 12:18   Bertsolaritzea

Azken urteotan umeei zuzenduta sortu dogun material guztia hemen dago.

Bertsozalen sekulako indarra hartu dau azken urteetan hezkuntza arautuan dogun proiektuak. Gaur egun, 229 herritan eskaintzen da bertsolaritzea, 511 ikastetxetan eta 29.500 ikaslerengana heltzen da, 53 irakasleri esker. Zenbaki horreen atzean, baina, persona ugari dago egunerokoan bertsoa erakusteko prozesuan hobekuntzak egiten eta gauza barriak probetan.

Umeei bertsolaritzea zelan erakusten jaken aztertzen dabil Bertsozaleko Mikel Artola azken urteetan eta, egindakotik abiatuta, metodologia barria probau eta proponidu dau. Oinarrian, umeei bertsotan bat-batean erakustea, plazakotik hurrago dago eta olgetatik be asko dau: Eskatzen deutsegun horretan dago giltza, dino Mikel Artolak: Bertsoa osorik egiteko eskatzen badeutsegu, gatxa izango da bat-batean egitea. Baina puntu bat beste puntu bategaz erantzuteko kapaz izaten dira ia danak; baita kopla bat egiteko be, biren artean, azaldu dau; holan, bertsolariek egiten daben bezela egiten dabe: belarriz, eta ez silabak kontauta, dino.

Gure irakasleen artean aldaketa handia izaten da batzuentzat, eta ez horrenbeste beste batzuentzat: Eginez ikastea da orain kontua eta ez horrenbeste bertsoaren gramatikea ikasi eta gero praktikan jartea, esan dau Artolak. Hori bai, gelako jarduna dezente aldatzen dala dino.

Aldaketa horretan bete-betean sartuta dago Nerea Urra irakaslea: Gelako dinamika biziagoa eta parte hartzaileagoa da, azaldu dau. Ikasle bakotxari bere gaitasunak jorratzeko aukera gehiago eskaintzen deutsoz funtzionamendu honek, gaineratu dau. Bat-baterako saltoa natural egiten dabela dino, saioei eta dinamikei esker. Ikasleen motibazinoaz galdetuta, motibazino handiagoz sumatzen dituala dino, olgetea bihurtzen baita bertsoagaz esperimentetea.

Ikasgela barruan bakarrik ez, kantuan be jarri ditu Urrak bere ikasleak topaketa batean: Ikastetxeko aretoan egin dogu eta ikasle gehienek hartu dabe parte bat-bateko zatian, azaldu dau. Askok errepetidu gura izan dabe ariketea. Lehenengo esperientzia izan dau Urrak hau, eta oso positiboa izan dala jakinarazo dau: Ikasleak eroso, motibauta eta lasai ikusi ditut.

Asier Alcedo irakasleak dino bitxia dala umea kantetan dagoanean ingurukoen erreakzinoa ikustea. Lehenengo toketan jakonak ariketea ondo egiten badau, gela osoan eragiten dau; batzuetan, txalotu be egiten dabe ezinezko zeozer egin dauelakoan, dino. Gero euren txandea datorrela jakitun, urduri jarten dira, baina behin abestuta, harrotasun puntu bategaz be egoten dira.

Honek guztiak irakasleen formakuntzea eskatzen dau, jakina, eta horretan be bagabiz: Lehenengo gogoeta orokor eta sakona egin genduan bertsolaritzearen ikasketa prozesuaz eta orain gelan grabautako bideoak aztertzen gabiz; irakasle-ikertzaile figurea da interesetan jakuna, azaldu dau Mikel Artolak.

Karta-jokoak eta gehiago

Bertsolaritzea lantzeko ikasmateriala sortzen gabiz , adierazo dau Ixiar Eizagirrek, Bertsozaleko materialgintza arduradunak: Irakasleak dira gelan erabiliko daben materiala sortzen dabenak. Azken urteotan umeei zuzenduta sortu dogun material guztia www.bertsoikasgela.eus atarian dago eskura. Orain, umeek bat-batean egiteko metodologia geletan gauzatu ahal izateko materiala sortzen gabiz irakasleakaz eta karta jokoak dira horren emoitzetako bat, dino Eizagirrek. Ikasturte barriari begira, ikasliburua barritzeko prozesuan gabiz, gaineratu dau.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu