Marmara Musik, XIII. Neguko Bidaia zikloa amaitzeko

Bizkaie! 2021-03-03 09:24   Musikea

Martiaren 6an izango da kontzertua, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan.

Getxoko zirkuitu musikalaren seigarren eta azken hitzordura helduko gara zapatuan, hilak 6. Neguko Bidaiaren XIII. edizinoko egitaraua biribilduko dau Marmara Musik seikote bizkaitarrak. Kontzertua urtarrilaren 23an zan egitekoa, baina taldeko kideetako bat gaixorik jarri zanez, atzeratu egin behar izan eben. 

Areetako Andres Isasi Musika Eskolan izango da kontzertua. Berez, Getxoko Udalak azaldu dauenez, kontzertu bi izango dira: arratsaldeko 18:15ean eta 20:00etan. Modu horretara, jente gehiagok disfrutau ahal izango dau Marmara Musiken jazzagaz, pandemiaren erruz aforoak mugatuta dagozan ezkero. Sarrerak 5 euroan dagoz salgai. 

2001ean sortu eben Marmara Musik taldea, jazzaren inguruan proiektu barri bat antolatu nahi eben sei musikari bizkaitarrek. Zapatuko kontzertuan honeek musikariak egongo dira oholtzan: Esteban Valcarcel (tronpetea), Jon Etxeandia (klarinetea eta ahotsa), Dani Lara (tronboia eta ahotsa), Oscar Andollo (bateria), Aitor Mujika (gitarrea) eta Ander Lozano (tubea).

Getxoko kontzertuaren errepetorioan, jazzaren alorreko hainbat estilo eta jokeratatik errepasoa egingo dau Marmara Musikek. Jazz tradizionalean hasi eta New Orleans zein swing erako piezak be joko ditu seikoteak. Saioa amaitu eta gero, entzuleakaz barriketaldia egingo dabe musikariek. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu