Kandinski 360 graduan dakar Bilboko Guggenheimek
2021-03-03 09:02 KultureaFormatu barritzailea emon deutse erakusketearen bisita birtualari.
Momentu honetan Bilboko Guggenheim Museoan dagoan erakusketa nagusietako bat ikusteko modu barritzailea aurkeztu dabe, 360 graduko bisita birtuala hain zuzen. Pandemiagaitik ezarritako murrizketakaitik Bilbora hurreratu ezin dabenek, beraz, erakusketea etxetik ikusteko modua izango dabe aurrerantzean. Barritasun handiena, orain arte Guggenheimek sekula probau bakoa, 360 graduena da, erakusketako aretoak hiru dimensinotan eta ikuspegi guztietatik ikusi leitekezalako, ikuslea erakusketan bertan balego lez.
Museoaren webgunearen bidez sartu leiteke bisitaldi birtualera (hemen). Modu horretara, Guggenheimek hainbat helburu beteko ditu: lehena, webgunearen eskaintzea aberastea; bigarrena, erakusketak modu zehatzagoan ezagutarazotea; eta, hirugarrena, aurrerago museora joan nahi dabenari tresna bat emotea, bisitea hobeto prestau deien.
Hiru aretotan dago Kandinsky erakusketea. Bisita birtualean, ikuslea batetik bestera mobidu ahal izango da, eta honeen osogarri dan espazio didaktikoan be sartzeko modua izango dau. Obra bakotxaren azalpenak irakurri ahal izango ditu, baita entzun be, audiogidearen soinua be aktibau leitekelako.
Guggenheimen eskaintzan barritasun handia da hau, eta alderdi teknikotik be ahalegina eskatu dau. Museoko sarrerako gunea eta Kandinskiren obrak hartzen dituen aretoak bereizmen handiko argazkietan hartu ditue, 360 graduko teknikea erabilita. Ondoren, hori guztia webgunera igon dabe. Aurrerago, beste erakusketa batzuen 360 graduko bisita birtualak atontzeko asmoa dabe museoko arduradunek.
Kandinsky erakusketan, Vasili Kandinski (Mosku, 1866 - Neuilly-sur-Seine, 1944) artista errusiarraren ibilbidearen errepaso zabala egiten da, New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Fundazinoaren jaubetzakoak diran koadroen eta marrazkien bidez (Bilbon maiatzaren 23ra arte). Fundazinoak, 1937an sortu zanetik, hartu-emona izan eban Kandinskigaz, eta haren 150 bat pieza ditu.
Kandinskiren ibilbide oparoan beti egon zan sorkuntzea naturatik bereizi eta artistearen barruko munduaren zerbitzura jarteko asmoa. Horregaitik, abstrakzinoaren aitzindarietako bat izan zan, eta bere sasoiko korronte artistiko barritzaileenetakoen teorialari. XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran, Munichen hasten da erakusketearen ibilbidea. Ondoren, Errusia (1914-1921), Bauhaus Eskolea (1921-1933) eta Paris (1933-1944) etorri ziran. Fase horreetan guztietan, Kandinskiren obrea bilakaera etenbakoan dago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!