EHZ jaialdia garagarrilaren 2tik 4ra egingo dabe
2021-03-02 12:09 MusikeaMende laureneko bidea bete dau festibalak.
Covid-19aren pandemiak epe luzerako plangintzak egiteko oztopoak ekarri deutsez kulturgileei, baina EHZko antolatzaileak hasi dira 2021eko edizinoko zertzeladen barri emoten. Nabarmendu behar dan lehenengo gauzea da, hain zuzen be, festibala egin egingo dala, edo horretarako asmoa dagoala behinik behin. Bigarrenik, datak be zehaztuta dagoz: garagarrilaren 2tik 4ra.
Oraingoz, jaialdia non egingo dan ezin dabe esan, erakunde eta udal ugarigaz berbetan dabizalako, lekurik aproposenaren bila. 2019ko eta 2020ko egoitzea Irisarri izan zan, Nafarroa Beherean. Egitaraua be aurrerago lotuko dabe, baina, urtero legez, musikea izango da ardatza, batez be bertoko taldeena. Berbaldiak, ikuskizunak... be programauko ditue. Lekuan lekuko kolektibo eta eragileakaz alkarlanean jardutea da asmoa.
Edozein kasutan, EHZ egiteko asmoa dagoala jakitea barri pozgarria da, pandemiaren sasoi honetan. Gogoan izan behar da, igazko bagilean Irisarrin egin behar zan edizinoa bertan behera geratu zala azkenean. Festibala modu seguruan egiteko bideen bila ibili ziran azkenera arte, baina osasunari lehentasuna emonda, 2020koa bertan behera ixtea beste erremediorik ez eben izan.
EHZk 25 urte bete ditu aurten (1996an egin eben lehenengoz), eta, beraz, antolatzaileentzat hori be bada hutsik ez egiteko beste arrazoi bat. Mende laureneko bidea ez da beti erraza izan EHZrentzat, gorabehera eta oztopoak kontuan hartuta, behin baino gehiagotan lekuz aldatu behar izan dabelako. Urteotan, Ipar Euskal Herriko hainbat herri izan dira festibalaren lekuko.
Izan be, hasierako asmoari ez deutso uko egin nahi EHZk: auzolanean eta parte-hartzean oinarrituta, euskal musikearentzat eta kulturearentzat espazio alternatiboa eskaintzea, gizarteko auziei, euskereari eta inguruneari begirako errespetua landuz eta bertoko sortzaileei oholtzara igoteko aukerea emonez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!