Daniel Zuloagaren murala, Bilboko Itsasmuseumen
2021-03-02 10:28 KultureaDohaintza partikular bati esker, museoren bilduma iraunkorraren parte izango da.
Obra ikusgarria ipini dau Bilboko Itsasmuseumek bigarren solairuan, industriaren eta meatzaritzearen inguruko atalean: Daniel Zuloagak 1900. urtean egindako 20 metroko zeramikazko mural koloretsua. Orain arteko jaubeek dohaintzan emon deutse museoari, eta, beraz, Itsasmuseumeko bilduma iraunkorraren parte izango da aurrerantzean. Goizane Bengoetxea eta Jon Corell izan dira orain arteko jaubeak.
Oihan seme txikiagaz batera egon dira Bengoetxea eta Corell murala publikoari aurkezteko ekitaldian. Han izan dira, ganera, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Lorea Bilbao, Itsasmuseumeko zuzendari Jon Ruigomez eta Historia eta Artean katedradun Maite Paliza.
Aurkezpenean nabarmendu dabenez, balio historiko eta artistiko handiko piezea eskuratu dau museoak, Daniel Zuloagaren aldirik emonkorrenean egindako murala dalako. Horrezaz gan, Jon Ruigomezek dino Itsasmuseumen diskursoa indartzeko be balioko dauela obra barriak. Meatzaritzeari eta industriari lotutako paisajeak agiri dira muralean, errealismoz eginak.
Maite Paliza adituak azaldu dauenez, ertzdun zeramikea eta horren ganeko pinturea dira 1900eko mural honetako materialik garrantzitsuenak. Lau eszena ditu Zuloagaren lanak. Lehenengoan, emakume bat agiri da aire zabaleko meatze baten alboan; bigarrenean, Rive de Cier La Rochelle mineral garraiatzailea; hirugarrenean, minerala kargetako moilea, itsasontziak eta beharginak; eta laugarrenean, Bizkaiko Labe Garaien ikuspegia.
Berez, Tomás Allenderen etxe partikularrean ipinteko sortu eban murala Daniel Zuloagak. 1960ko hamarkadan desagertzear egon zan, baina eraikinaren orduko jaube Daniel Errazuren interesari esker, Lezamako etxe batera eroateko gorde eben. Artelanaren gaur egungo jaubeak Goizane Bengoetxea eta Jon Corell izan dira, harik eta Itsasmuseumi dohaintzan emon deutsen arte.
Dana dala, 120 urte baino gehiagoko ibilbidean, zati batzuk galdu ditu muralak. Hasiera baten, 54 metro, 25 errekoadro eta zortzi eszena zituan. Orain, 20 metro eta lau eszena geratzen dira. Ehun urte bete dira Daniel Allende artistea hil zala, eta efemeride horregaz bat, Itsasmuseumen ikusi ahal izango dabe nahi daben guztiek aurrerantzean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!