Darabilbok euskerazko aisialdia bultzatzen segiduko dau martian
2021-03-01 13:40 Euskerea berbagaiFamilia guztiarentzako tailerrak antolatuko ditue hileon, besteak beste.
Urian euskerazko aisialdia bultzatzeko asmoz antolatzen dabe Bilboko Udalak eta euskaltegien sareak Darabilbo egitasmoa. Martiko egitaraua dagoeneko prest dago, zortzi jarduera egingo ditue, danak dobakoak. Tailerrak dira martiko eskaintzan jaun eta jaube: gastronomia, artisautzea eta abar landuko ditue. Ganera, familiek euskeraz ondo pasetako saio bi be badagoz, egun batean Deustun eta bestean Santutxun.
Urtxintxa Eskoleagaz alkarlanean antolatutako saioak dira horreek, eta helduek eta umeek alkarregaz euskeraz olgetea da helburua, Urtxintxako dinamizatzaileak lagunduta. Taldeak lau lagunekoak baino ez dira izango, baina egun bakotxean hiru txanda egongo diranez, danetara 24 personak hartu ahal izango dabe parte. Horrezaz gan, Txiribuelta berbaldia da familientzako beste barritasuna. Asier Arroitak pandemiak zapuztutako bidaia bat kontauko dau Otxarkoagako udaltegian.
Familientzako jarduerak albo batera itxita, martiko egitarauko lehenengo hitzordua martiaren 5ean, barikua, izango da. Puntua eta trikota egiten ikasteko tailerraren bigarren saioa izango da, Arantza Ares Ortega irakasle dala. Hileko azken hitzordu biak martiaren 31n helduko dira: arrozak eta risottoak egiten ikasteko sukaldaritza-tailerra batetik, eta Hamburgo Platz saio literarioa bestetik, Mikel Antza eta Adur Larrea berbalagun dirala.
Martiko egitarau osoa hemen.
Darabilboko jarduera guztiak dobakoak dira, baina aurretik izena emon behar da. 16 urtetik gorakoek hartu leikie parte (familientzako saioetan, umeek be bai). Covid-19aren pandemia dala eta, segurtasun neurri bereziak hartuko ditue, eta ekintza batzuk online izango dira. Era berean, aforoagaz izan dituen arazo batzukaitik, gozogintza tailerrik eta museotara bisita gidaturik ez dabe antolatuko martian, baina Aste Santuaren ostean horreek jarduera biak egitaraura bueltetea espero dabe.
Bilboko Udalak eta uriko euskaltegiek 2013an antolatu eben lehenengoz Darabilbo, aisialdirako eskaintzea euskalduntzeko asmoz. Euskeraz bizi nahi dabenentzat zein hizkuntzea ikasten dabizanentzat aproposak diran jarduerak izaten dira. Urteko hilebete guztietan (garagarrila eta abuztua izan ezik) eta Bilboko auzo guztietan egoten da Darabilbo martxan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!