Trikitixearen erradiografia dakar UPV/EHUren ikerketa batek

Bizkaie! 2021-03-01 12:52   Musikea

Trikitixeari berezkoa jakon hibridazinoa aztertu dabe.

Gurutze Lasa Zuzuarregui | Ikusi handiago | Argazki originala

UPV/EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia saileko ikerketa batek trikitixearen historian eta bilakaeran sakondu dau, euskal kultureari berezkoa jakon hibridazinoa aztertzeko. Kulturea jaso, eraldatu eta transmitidu egiten dala eta egokitzea ezinbestekoa dala edozein kulturaren biziraupenerako ondorioztatu dau.

XIX. mendean etorri zan Euskal Herrira soinu txikia. Ordura arte ermitetako erromerietan albokea eta panderoa erabilten ziran; trikitixea heldu zanean, hasieran panderoari laguntzeko sartu arren, segiduan hartu eban protagonismoa Gipuzkoa eta Bizkaiko biztanleria landatar euskaradunen artean eta benetan esanguratsua da lortu dauen transmisino mailea. Tradizinoa eta modernidadearen arteko tensinoa oso ondo irudikatzeaz gan, joan-geroa edo lokala-globalaren arteko adibideak eskaintzen dituan adierazpen musikala da eta horregaitik ekin neutsan trikitixearen hibridazinoa aztertzeari, dino Gurutze Lasa Zuzuarregui ikertzaileak. Baina, zer da hibridazinoa? Gizarte zientziek biologiatik hartutako terminoa da, aurreko mendearen amaieran. Hibridazioa kontzeptu konplexua eta nahasgarria subertau daiteke eta hori dala eta, Nestor Garcia Canclini antropologo argentinarraren definizinoa hartu dot oinarri ikerketa-lan honetan. Antropologo argentinarrak hibridazino bidez ulertzen ditu prozesu soziokulturalak, bereizita agiri diran egitura edo praktika diskretuak buztartzen dira egitura, objektu eta praktika barriak sortzeko. Azken finean, banandutako egitura eta jarrerak buztartuta, egitura, jarrera eta persona hibridoak sortzen dira eta hori da hibridazinoa, azaldu dau Gurutze Lasa Zuzuarreguik. Interneten aroan gagoz, beste herrialdeetako barrikuntzez azkar eta erraz jaubetzen garen garaiotan. Horrek barrikuntza horreek erraz nahastau eta biderkatzeko aukerak eskaintzen deuskuz, azaldu dau.

Eremu geografikoari jagokonez, Gipuzkoan, Bizkaian eta landa-lanaren bidez, Nafarroan, Araban eta Iparraldean trikitixeak izan dauen bilakaera historikoa aztertu dot; baita bilakaera horretan emakumeek izan daben zeregina, lekua eta problematikea be, dino ikertzaileak. Marko kronologikoari jagokonez, barriz, nahiz eta soinu txikia Euskal Herrian zaneko lehenengo barria 1889koa izan, arreta berezia eskaini deutsat 1986an egindako XI. Euskal Herriko Txapelketa Nagusitik egun artera trikitixeak izan dauen ibilbideari. Era berean, egungo trikitilari batzuek dituen ezaugarriak eta horreek zelan islatzen diran egindako produkzinoan ikusi dot, izan be, Trikitixa Txapelketa Nagusiakaz batera, Tapia eta Leturia, Kepa Junkera, Esne Beltza, Gose, Huntza eta Koban taldeen ibilbide eta diskografiaren azterketea aztergai dogun hibridazinoa behatzeko giltzarria dira, gehitu dau Gurutze Lasa Zuzuarreguik.

Aztertutakoak aztertuta, ikertzailearen esanetan, egokitzapenerako gaitasuna ezinbestekoa da kulturen biziraupenerako. Kulturea jaso, eraldatu eta transmitidu egiten dogu. Belaunaldi barriek elementu batzuk jasoten ditue aurrekoakandik baina, bere interesen arabera, beste batzuk deseregi be bai. Era berean, beste kultura batzuekaz izandako hartu-emonen ondorioz, elementu barrien jaube egiten dira.

Jasotako elementuen eta jokera garaikideen arteko interakzinoetatik aurretiaz kanpokoak ziran elementuak bertakotu eta askotariko tradizino barriak sortzeko aukerea eskaintzen dabela frogatu dogu —adierazo dau Gurutze Lasa Zuzuarreguik—. Bertako eta atzerriko elementuen konbinazinoek sormen artistikoa sustatzen dabe eta Tapia eta Leturia, Kepa Junkera, Esne Beltza, Gose eta Koban taldearen kasuak nabarmendu geinkez.

Generoaren ikuspuntutik be aldaketa nabarmenak izan dira, ikusezintasuna bazterrean itxita, hasierako sasoiko jatorri landatar eta gizonezko jotzailearen profil hegemonikoaren dibersifikazinoa egon da eta gaur egun emakume asko eta asko dira trikitixeagaz taularatzen diranak. Lan honi esker ikusarazo gura neuke trikitixea be beste adierazpen musikal bat dala eta holan balioztatu beharko litzatekeela geure gizartean, hezkuntzan zein arlo guztietan. Aurreretxiak alde batera itxi eta musikearen alorretik trikitilariak balioan jarriz, azpimarratu dau Gurutze Lasa Zuzuarreguik.

Gurutze Lasa Zuzuarregui (Aduna, 1978)

Ikerketea doktore-tesiaren barruan egin da. Doktore-tesiaren izenburua Euskal kulturearen hibridazino prozesuak: trikitixaren kasuaren azterketea da. UPV/EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko Mari Jose Olaziregi Alustiza irakaslea eta Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia saileko Pio Perez Aldasoro irakasleka izan ditu zuzendari.

UPV/EHUren Mikel Laboa Katedrearen bekeari esker egin dau ikerketea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu