Espainiako Gobernuak uko egin deutse Europako Kontseiluaren gomendioei

Bizkaie! 2021-03-01 10:18   Euskerea berbagai

Hizkuntza gitxituak bermatzeko berehalako neurriei ez jake jaramon egin.

Europako Kontseiluak Euskalgintzearen Kontseilura jo dau Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunari buruz Espainiako Gobernuak egindako txostenaz eretxia eskatzeko eta Kontseiluak ondorioztatu dau Europako Kontseiluaren gomendioak bete barik jarraitzen dabela.

Behatokiaren eta Kontseiluaren eretxia jaso ondoren, 2018an argitaratu zituan Europako Kontseiluak Eurogutunaren bosgarren ebaluazinoaren gomendioak eta bistan geratu ziran Espainiako Gobernuaren bakotasunak. Hiru urteren ondoren, Eurogutunaren betete-mailea ebaluetako prozedura barria jarri da martxan eta, kontroltzat, Espainiako Gobernuari eskatu jako Europako Kontseiluaren berehalako neurrien inguruko azalpenak emon daizala. Holan egin dau txosten bidez. Hori da Kontseiluak aztertu dauena eta hutsuneak ikusi ditu euskereari lotzen jakozan gomendio bi beteteko neurrietan: justizian eta administrazinoan.

Bermeak justizian eta administrazinoan

Euskereari lotutako berehala bete beharreko gomendio bi jaso zituan ebaluazinoan Europako Kontseiluak: batetik, justizia araubidean legea aldatzea eskatu eban eta, bestetik, Espainiako administrazinoaren zerbitzuetan hizkuntza gitxituen erabilerea handitzeko gomendioa egin eban. Txostenean, barriz, ikusi da Espainiako gobernuak ez dauela ezer egin: Lotsagarria da hori Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiarentzat: Eskaera bat eta zehatza egin eutsen Europatik: Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231 artikulua aldatzeko. Justizian gaztelaniaz ez beste hizkuntzetan ibilteko oztopo nagusia da lege hori.
Espainiako gobernuak, ostera, uko egin eta hizkuntzen erabilereari buruzko ikerketea egiten dagoala erantzun dau. Horrek erakusten dau ez dagoala ezelako borondaterik herritarren oinarrizko eskubideak bermatzeko.

Estaduko administrazinoari jagokonez, beste hainbeste gertatzen da: Kontseiluak kontratazino publikoak nabarmendu gura izan ditu, txostenean ez baitira aitatzen. Gainera, zerbitzu digitalei be erreparau deutse Bilbaok: Egun eta pandemiaren ondorioz, administrazino elektronikoa da herritarren eta administrazinoaren arteko bide erabiliena eta eremu horretan ezer gitxi egin dau Espainiako Gobernuak. Adibide zehatzen bidez horixe jakinarazo deutsegu adituei.

Europako Kontseilua eta alkarlana

Alde batetik, Paul Bilbaok positibotzat jo dau Europako adituek Kontseilura jo izana eretxi bila: Kontseiluak eta Behatokiak lehen ebaluazinotik hartu dogu parte betete-maileari buruzko txostenak osotzen eta adituen batzordeagaz batzen. Gainera, ikusi dogu gure oharrak oso kontuan hartu izan dituela eta orain be gugana eretxi eske etorri izanak erakusten dau Europako Kontseiluarentzat sinisgarritasun handiko erakundea garela.

Bestetik, Espainiako Gobernuaren jarrerea ikusita, Kontseiluak uste dau beharrezkoa dala hizkuntza gitxituen arteko eragileen alkarlana sustatzea. Bide horretan, orain urte bi aragoierearen, asturierearen, galizierearen, katalanaren eta euskerearen aldeko gizarte eragileek proposamena helarazo eutsela alderdi politikoei, hizkuntza-bardintasunaren aldeko neurriak eskatzeko. Horren ondorioz legez besteko proposamena aurkeztu eben hamar alderdik Espainiako Kongresuan. Laster eztabaidatuko da. Barriro be egiaztatu ahal izan da Espainiako Gobernuak ez dauela Europako gomendiorik beteten eta, beraz, alderdiei dei egiten deutsegu Kongresuan izango dan eztabaidan gure proposamena aintzat hartu eta justiziaren aldeko politikak aldarrikatu deiezan.

Bien bitartean, Kontseiluak Estrasburgora bialdu dau Espainiako Gobernuaren txostenari buruzko eretxia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu