Bernat Etxepare berbagai Bilbo Zaharra Forum jardunaldietan

Bizkaie! 2021-03-01 09:18   Euskerea berbagai

Bagileko Klasikoen Irakurraldi Jarraiturako, Linguae Vasconum Primitiae aukeratu dabe.

Euskeraz idatzi eta argitaratutako lehenengo liburuaren egilea da Bernat Etxepare, 1545ean plazaratu eban Linguae Vasconum Primitiae. Hortaz, Bilbo Zaharra euskaltegiak urtero antolatzen dauen Klasikoen Irakurraldiaren XIV. edizinoaren ardatzak izango dira Etxepare eta haren liburu ezaguna.

Horren aurretik, martian, Bilbo Zaharra Forum jardunaldiak egingo ditue, horreek be Etxepareren obreari eskainiak, Euskara jalgi hadi plazara lemapean. Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilboko Plaza Barrian, egingo ditue egitarauko hiru saioak asteon. Ekitaldiak 19:00etan hasiko dira. Sartzea doban da, baina aurretik erreserbea egin behar da, hemen.

Lehenengo hitzordua martitzenean, martiak 2, izango da, Patri Urkizu eta Iñaki Aldekoa hizlari dirala. Hurrengo egunean, 3an, Xabier Amuriza eta Korrontzi taldeko Agus Barandiaran agertuko dira Bilbo Zaharra Forumen. Oraintsu Koplariak izeneko diskoa aurkeztu dabe, eta bertako kontuak eta kantuak entzun ahal izango ditue Plaza Barrira hurreratzen diranek.

Azkenik, eguenean, hilak 4, Itxaro Borda idazleak eta Ibon RG musikariak hartuko dabe oholtzea. Sortzaile biok alkartzen diran bakotxean, berbearen eta soinuaren arteko mugak lausotzen dituen emonaldi esperimentalak atontzen ditue. Oraingo honetan, Bernat Etxepare bidelagun dabela. 

Bernat Etxepare 1480 urtearen bueltan jaio zan, Nafarroa Behereko Sarasketa herrian. Abadea izan zan arren, sasoi gatazkatsuan bizi izan zan, eta gorabehera ugaritan sartuta ibili zan. Idazkietan jaso ebanez, Biarnon kartzelan egon zan denporaldi batez. Ez dago garbi noiz hil zan, baina 1560 inguruan izan zala uste dabe adituek.

Euskal literaturearen historian goi mailako lekua dau Etxeparek, 1545ean Bordelen argitaratutako Linguae Vasconum Primitiae liburuari esker. Euskeraz idatzi eta inprentan argitaratutako lehenengoa izan zan. Horregaitik, balio handia dau historialari zein hizkuntzalarientzat. Erlijinoaz aparteko hainbat gai jorratu zituan liburuko olerkietan, tartean euskerearen aldeko bertsoak, gaur egun be ezagunak: Heuscara Ialgui adi plaçara, Bilbo Zaharra Forumeko leloaren oinarria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu