300.000 euro kultura eta sormen industrien digitalizazinoa bultzatzeko

Bizkaie! 2021-03-01 07:45   Euskerea berbagai

Martiaren 1etik apirilaren 30era eskabideak aurkezteko epea zabalik dago.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Tecnaliak alkarlanean KSI TEK izeneko programea jarri dabe martxan. Kultura eta sormen industrien (KSI) arlora bideratutako ekimen honen helburua KSIen eta teknologia sektorearen arteko lankidetza sustatzea da, beti be merkatu globalenetarako sortutako produktu eta zerbitzu barritzaileak eratzeko eta sinergiak eta aukera eta garapeneko espazio barriak sortzeko. Danetara, 300.000 euroko aurrekontua izango dau KSI TEk programeak.

Ekimen honek KSI sektorearen eraldaketa digitala erraztuko daben proiektuak identifikau nahi ditu, izan be, teknologiak balio erantsia emongo deutse enpresek eskaintzen daben egungo produktuen eta zerbitzuen diseinuan, produkzinoan, sorkuntzan, banaketan, erakusketan, konsumoan eta alkarreraginean. KSI TEk programearen bitartez laguntzea jasoko daben enpresen lehiakortasuna hobetuko da eta negozio-eredu barriak sortzen lagunduko deutse. Teknologia honeetan oinarritutako konponbideak jorratu beharko ditue parte hartzen daben enpresek:

· Multimedia edukien prozesamendua (edukiak lortu, indexau eta berreskuratu, streaming eta broadcast plataformak, jaubetza intelektuala eta eskubide digitalen kudeaketea).

· Ordenagailuzko grafikoak (animazinoa, rendering, Errealidade Birtuala eta Handitua, joko serio eta interaktiboak, BIM).

· Konputazino mobikorra eta nonahikoa (Gauzen Internet-a, wearableak, testuinguruan oinarritutako konputazinoa, hodeiko konputazinoa, dronak, jantzi adimendunak).

· Konputagailu bidezko ikusmena (irudien prozesamendua, personen jarraipena, mobimentua atzemotea, 3D-ko berreraiketak).

· Datu-analisiak (Big Data, datu-meatzaritzea, analitika deskriptibo, prediktibo eta preskriptiboak, Open Data, ikusmenezko analitikak).

· Hizkuntza-teknologiak (berbeta naturalaren prozesamendua, mintzamenaren prozesamendua, alkarrizketa sistemak, itzulpen automatikoa, sentimendu-analisia).

Interesa dabenek martiaren 1ean hasi eta hile bitan, apirilaren 30era bitartean, izango dabe proiektuak aurkezteko epea www.euskadi.eus atarian. Ondoren, Balorazio Batzorde batek lehiaren bidez ebaluauko ditu aurkeztutako proiektuak eta onartutako ekimenek 5.000 eta 10.000 euro arteko diru laguntza jasoko dute.

Kultura eta Sormen Industriak (KSI TEK) Euskadin

Kultura eta Hizkuntza Politika sailak KSI TEK-ak Euskadin. Euskal kultura-eta sormen-sektorearen garapenean zehar ibilbidea izeneko argitalpena kaleratu eta bertara batu ditu 2010-2023 tartean KSI-en sektorean emon diran aurrerapausoak eta etorkizunera begira dagozan erronkak. Liburuak kultura eta sormen industriak sendotzeko eta egituratzeko bidean emon diran fase desbardinak zein protagonisten esperientzia eta ahotsak batzen ditu, ikuspuntu panoramikotik. Argitalpena euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez dago eskuragarrI.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu