Mikel Azpiroz, 'Buton': 'Gogorra da entzuleak jesarrita eta maskareagaz ikustea'
2021-03-01 08:02 BarriketanLa Excavadora taldeko musikaria.
Talde ezagunetan ibilbide luzea daben bost musikari mitikok bat egin dabe La Excavadora proiektu barrian, oholtzak astindu eta kontzientziak biztuteko prest. Taldearen izen bereko diskoa plazaratu barri dabe, Mauka Musikagintzaren eskutik. Bost kideak honeek dira: Raúl Lasa Txiki (gitarrea), Iñaki Urbizu Pela (ahotsa), Ángel Otxoa de Eribe Geli (gitarrea), Mikel Azpiroz Buton (baxua) eta Mikel Berrozpe Pollo (bateria). Gatillazo, La Polla, Rockaina, Al Karajo, Vicepresidentes, Marky Ramone eta beste talde askotan ibilitakoak dira.
La Excavadoraren doinuak zuzenean entzun gura dituanak aukerea izango dau zapatuan, hilak 6, Bilboko Santana 27 Aretoko kontzertuan. Orain dala urte batzuetako indarra eta gogoa ez dauela galdu erakusteko prest dago boskotea. Punk eta metal doinu gogorrak ez dira falta La Excavadoran, baina gazteagoak ziranean baino sarriago jo dabe rockera proiektu barri honetan. Hori da, behinik behin, Buton ezizenagaz ezagunagoa dan Mikel Azpirozek kontau deuskuna. Gatillazo eta Al Karajo taldeetan Euskal Herriko lokal guztiak ezagutu eta gero, La Excavadorak oholtzara bueltetako aukerea emon deutso.
1.- Begirada kritikoz aztertzen dozue errealidadea zuen diskoan. Gaur egungo egoereari emondako erantzuna da?
Ba ez, ez da erantzuna, ze konfinamendua hasi baino lehendik be hasi ginan idea honi bueltak emoten. Talde barri bat sortzeko gogoz gengozan, kalean dagoan giroari abesteko, baina oraingo egoera honi erantzuteko asmo barik. Gerora etorri da pandemiaren kontu hau guztia, kulturea gelditzera behartzearena... Hori bai, salatzen doguna agiriago itxi dau pandemiak, guk bizitza osoa daroagu
era honetako abestiak egiten, baina gaur egun ikusten gabizan arau, debeku eta halakoak kontuan hartuta, geurean segitzeko aukerak zabaldu jakuz, egia esan. Lehen, beharbada, erabagiak hartzen zituenek disimulu pixka bat izaten eben, baina orain agiri-agirian egiten dabe. Jenteak ez dau horren aurrean ezer egin orain arte, eta orain hasi da mobiduten. Baina gure diskoa momentu honetan etortea kointzidentzia hutsa izan da.
2.- Talde mitikoetan ibilitako musikari beteranoak batu zarie La Excavadoran. Zelan sortu zan proiektua?
Txikik baeukazan idea batzuk, eta besteok batzen joan ginan, boskotea egin arte. Txikik ekarritako doinuei forma pxka bat emon eta berbak idazten hasi ginan gero, danon artean. La Excavadora sortu aurretik, urte eta erdi egin nebazan jo barik, eta haginak lurreraino neukazan, gogoaren gogoaz. Zeozer barria egin nahi genduan, beste formatu baten, eta motibazino barri bat izan da hau.
3.- Izena, La Excavadora, deigarria da. Nondik dator?
Talde barri bat sortzean beti egoten da momentu hori, izena jarri behar jako eta ez da erraza aukeratzea. Gogoratzen naz Pelaren lokalean gengozala kantu batzuk lantzen, eta tontakeriak esaten hasi ginan, izen zoroak botetan, serioa bat bera be ez... Eta, halako baten, Pelari otu jakon La Excavadora. Momentu haretan sortzen genbizan abestia da kokoteraino dagoan gizon baten ingurukoa, hondeamakina bat hartzen dau. Kantu hori be La Excavadora deitzen da.
Mundu guztiari gustetan jakon izena da, azken baten, halako makinak danon gustukoak izaten dira, lanerako ez bada, umetan olgetarako. Badauka zera txikitzaile hori, eta, era berean, izen barritzailea da, eta nahasketa hori gustau jakun.
4.- La Polla, Gatillazo... erreferente izan ziran sasoi baten. La Excavadoran zenbaterainoko arrastoa itxi dabe zuen aurreko taldeek?
Beti dago zeozer, ze urte pilo bat badaroazuz gauza bat egiten, zeure estiloa sortzen dozu. Berez, La Excavadorak ez dau zerikusirik gure aurreko taldeakaz, baina antzemoten dira zertzeladak han eta hemen, betidanik egin doguna dalako. Anjel, Txiki eta hirurok Gatillazotik gatoz, eta punk ikutu hori emoten deutsagu. Pelak, ostera, rock kaletarra ekarri dau taldera. Mikel metaletik dator eta sartzen ditu break-ak eta halakoak.
5.- Barritasunak be badakarz La Excavadorak...
Bai, baina ezer barririk ez dogu asmau, eta asmorik be ez dogu. Egia da, gure aurreko taldeen aldean, oraingoan hard-rock gehiago sartu dogula, punketik pixka bat urten eta rockeroagoa da La Excavadora. Eboluzino baten ondorioa da, abesti batzuk aldatzen joan dira hasieratik hona, entzuleren batek pop aztarna batzuk be topau ei ditu gure doinu batzuetan, danetariko deskribapenak egin ditue gure musikearen ganean. Baina guk buruan izan dogun idea proiektu rockeroagoa egitea izan da, ez dakit urteak diran, baina horretarako gogoa izan dogu. Dana dala, kantuak sortzen joan ahala, bakotxak bere nortasuna hartzen dau, eta ez da erraza emoitzea hasierako ideagaz guztiz bat etortzea.
6.- Gaztetatik dakarzuen izakera errebeldeari ez deutsazue uko egin, eta gustuko ez dozuena gordin salatu dozue.
Badagoz pare bat abesti metaforaren bat edo ironia pixka bat dabenak, baina orokorrean, bai, gauzak argi eta zuzen esan nahi doguz.
7.- Diskoa aurkezteko, kontzertuak joten hasi zarie, Bermeon izan barri zarie, eta zapatuan Bilbora zoaze. Entzuleak jesarrita, aforoak mugatuta, eta zuek musika indartsu eta bizi-bizia joten. Zelako sensazinoa da?
Gogorra egiten jaku guri eta jenteari. Gure musikea ez da jesarrita entzutekoa. Gaueko saltsarik ezin dogu probau. Arraro eta gogorra egiten da aurrez aurre jente guztia jesarrita eta maskareagaz ikustea. Baina kontua jotea da, mobidu egin behar gara, etxean geldirik ezin gara egon. Beraz, dagoan egoerara egokitu behar gara.
Hori bai, oholtza ganean, guk orain arteko moduan segitzen dogu, jente guztia jantzan balego lez. Show polita egitea da gure asmoa, saltoka eta garrasika, betiko zorakeriak egiten. Arazoa da, orain jenteak adiago begiratzen deutsula, ia zelan joten dozun. Lehen jaia zan, bete-betean. Aldaketea igarten dogu, baina guk betikoari eusten deutsagu. Gogoan dot, Oñatin jo genduanean, igarten nebala jentea jesarlekutik altzau eta jantzan hasteko gogoz egoala, baina momentuz ezin da.
8.- Espero daigun egoereak hobera egitea. La Excavadora luzerako proiektua da?
Nik uste dot baietz, gauzak zelan doazan ikusita. Hasieran gauza puntuala zan, baina gustau egin jaku La Excavadoragaz lortu doguna eta martxan jarri dogun proiektua, eta aurrera egiteko gogoz gagoz. Jentea be hurreratu jaku, animoak emoteko.
Neuretzat be aukera eder bat da La Excavadora, bestela etxean geratzeko arriskua neukan, musikaz ahaztuta. Orain beste fase baten nago, aurrekoa amaitu zan eta goazen beste batera, barriro oholtza ganera igoteko aukerea da hau niretzat. Ondo pasetan dot, lokalean orduak egiten doguz.
9.- Nostalgiaz gogoratzen dozu orain dala urte batzuetako musika giroa?
Hareek sasoiak, Gatillazogaz ibilten ginanean, egundokoak ziran. Euskal Herriko gaztetxe guztietan jo genduan, gauero saltsea egoten zan, jente piloa ezagutu genduan. Eta hori guztia, gustuko neban gauza bat egiten, hau da, musikagintzan. Ez dakit hareek sasoiak bueltauko diran. Orain dana da serioagoa, guk geuk be urteak bete doguz... Orain egunaz gozetera goaz, ia leku guztietan egon garenez, beste modu baten hartzen doguz gauzak. Hori bai, gogoa betikoa da.
Musikearen mundua pilo bat aldatu da, lehen edozein momentu eta lekutan egozan kontzertuak, arazo gitxiago ipinten eben. Orain dana da baimenak, tramiteak... Ganera, beste alor batzuetan pasau dan moduan, musikan be monopolioak sortu dira, batzuk dira nagusi, eta hareek esaten dabe nork joko dauen non eta zein talderi emongo deutsen bultzadea. Diruari begiratzen deutse, ez musikeari. Jaialdietako kartelak begiratu, eta beti jente berbera dago joten leku baten eta bestean. Talde barriek aukera gitxiago ditue gaur egun euren lana erakusteko.
10.- Publikoa aldatu da?
Guri betikoa eskatzen deuskue, gure kontzertuetara etorten dan jentea, batez be, jente heldua da, 40 urtetik gorakoak. Gaztetan joten hasi ginaneko jentea heldua da orain! Zale gazteagoak be badaukaguz, jakina, baina betikoek hor aguantau dabe.
Argazkiak: La Excavadora eta Mauka.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!