Foru aldundiek bat egin dabe euskeraz lan egiten daben industrien plataformeagaz

Bizkaie! 2021-02-26 08:38   Euskerea berbagai

Igazko geldialdia atzean itxi eta egitasmoari bultzadea emoteko beharra aitatu dabe Batzar Nagusian.

Indeuseko kide da Maier | Ikusi handiago | Argazki originala

Urtebete luze da Indeus, Industriaren Euskal Plataformeak lehenengo batzarra egin ebala, eta aurtengo topaketea egoera guztiz desbardinean egin dabe, pandemiak goitik behera aldatu dauelako industriaren testuingurua. 2021eko Batzar Nagusia telematikoa izan da, eta hantxe egon dira erakunde publikoetako zein plataformako kide diran enpresetako ordezkariak. Miren Dobaran sailburuordeak eta Spriko zuzendari nagusi Aitor Urzelaik gidatu dabe topaketea.

Euskeraz lan egiten daben enpresen bilgunea da Indeus, eta azkenaldion izan dan geldialdia gainditzea izango da lehentasunetako bat aurrerantzean, ekimenari bultzadea emonda. Horretarako, hiru arlotan jarriko dabe arretea: enpresa barriak erakartea; kide diran enpresen arteko esperientziak konpartidutea; eta beste eragile batzukaz lankidetzea bultzatzea.

Indeus proiektua pixkanaka doa indartzen, eta, aurtengo Batzar Nagusian, hiru eragile garrantzitsu batu dira plataformara, hain zuzen be, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiak. Enpresa gehiago be sartu dira: Biele Group, BRTA, Ega Master eta Orona.

Martian beste batzar bat egingo dabe Indeuseko kideek, baina hiru lantaldetan banatuta. Lehenengoa, euskerazko produktuen eta erakundeen lantaldea, enpresetan erabilten diran erremintak euskeraz erabili ahal izateko bideak aztertzeaz arduratzen da, ikastetxeen eta enpresen arteko hartu-emonak estutu eta softwarea eta aplikazinoak euskeraz erabilteko laguntzinoa emonaz. 

Bigarren lantaldea inguru digitalari lotuta dago, softwarea eta aholkularitzea eskaintzen daben enpresakaz loturea eginaz, produktuak eta zerbitzuak euskeraz jaso ahal izateko aukerak aztertzeko asmoz. Hirugarren lantaldea, berez Laugarren lantaldea izena dauena, euskerea euren jardunean sartzen hasi barri diran enpresentzat da. 

Euskeraz lan egitea erabagi daben enpresa industrialak batzen ditu Indeusek, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzeak, Sprik, Energiaren Euskal Erakundeak eta foru aldundiek sustatuta. Euskerazko produktuak eta zerbitzuak lortzeko bideak lantzen ditu, enpreson egunerokoa eta funtzionamendua ahalik eta euskaldunenak izan daitezan. Gaur egun, 25 erakunde eta enpresa industrial dagoz plataforman, eta atea zabalik dabe sartu nahi daben guztientzat.

Helburu ugari daukaz Indeusek. Batetik, euskerearen kudeaketa aurreratua darabilen enpresen beharrak eta oztopoak identifiketea, eta horreei erantzuten ahalegintzea. Bestetik, euskerea gitxiago erabilten daben enpresa industrial handiak proiektura erakartea. Horretarako, euskerea darabilen enpresak eredu izan behar dira. Azkenik, partaideen arteko alkarlana bultzatzea da beste asmo bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu