'Esku hutsik', Don Inorrez taldearen disko barria

Bizkaie! 2021-02-25 13:44   Musikea

Imanol eta Garbiñe Ubeda, Pello Lizarralde eta Eugenio Montaleren berbak dagoz kantuetan.

Don Inorrez proiektuak dakarren bigarren diskoa da Esku hutsik, 2018an plazaratutako Mugiro bila-ren ostean. Lan biak Lizarbakar zigilupean argitaratu ditu Imanol Ubedak gidatutako taldeak. Lehenengo disko haretan legez, bigarrenean be Karlos Aranzegi izan dau Ubedak bidelagun. Izan be, Mugiro bila-n zabaldutako bideari eutsi deutso Don Inorrezek oraingoan be, pop erako kantuak eta gogoeta sakonak buztartuta.

Aurreko diskotik hona pasau dan denporan, gogoeta ugari etorri jakoz Ubedari burura, eta horreek egituratzen ahalegindu da Esku hutsik diskoan. Berbak idazteko, goi mailako kolaborazinoak izan ditu. Hasteko eta behin, lanari izena emoten deutsan kantuko berbak Pello Lizarralde idazlearenak dira. Musikearen sektorearen egoerea aztertzen da bertan, eta lehendik txarto egoana zelan okertu dauen pandemiak. Lehen gitxi euki, eta orain esku hutsik, horra kantuaren eta diskoaren izenburuaren jatorria. 

Garbiñe Ubeda idazle eta kazetariarena da Auskalopitecus kantuaren testua, eta Eugenio Montaleren olerkien pasarteak dira diskoko beste pieza biren oinarria. Ganerako kantuen berbak Imanol Ubedak berak idatzi ditu. Tartean dago Barre ala negar, taldeak diskoaren aurrerapentzat orain dala egun batzuk zabaldutakoa (entzun hemen).

Paco Loco produktoreagaz grabau dau Don Inorrezek Esku hutsik. Imanol Ubedak eta Karlos Aranzegik Paco Loco bera (gitarrea, tekladuak) eta Jacob Reguilón (baxua) izan ditue lagun grabazinoan. Ahotsak Jonan Ordorikaren Mamia estudioetan grabauta dagoz.

Zuzeneko kontzertuetan, ostera, Ubedagaz eta Aranzegigaz batera, Rubén Caballero (gitarrea) eta Fernando Neira (baxua) egongo dira taldean. Zuzenean joteko gogoz dagozala azaldu dabe Don Inorrezeko kideek, baina oraindino ez dabe hitzordurik zehaztu. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu