Liburu batek Toledoko Nobleziaren Artxiboan gordetako Bizkaiaren gaineko informazinoa dakar

Bizkaie! 2021-02-25 10:30   Kulturea

Goio Bañales Garcia da idazlea.

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen esku dagoan Enkarterriko Museoak, Velasco Etxeko Artxiboko funtsen 1385. eta 1704. urteen arteko dokumentazinoa batzen dauen liburu bat argitaratu dau.

Gaur egun Nobleziako Artxiboan (Toledo) dagoan 1385. eta 1704. urteen arteko dokumentazinoa transkribiduten dauen Goio Bañales García historialariak egindako Bizkaiari buruzko Dokumentuak. Archivo de los Duques de Frías (Casa Velasco) ikerketa-lana argitaratu dabe.

Dokumentu-moltso horrek Bizkaiko historiaren zati bat ulertzen laguntzen deuskun oinarrizko informazinoa emoten dau, Erdi Arotik –zaharrena 1385ekoa da– XVIII. mendera arteko 35 dokumenturen transkripzinoa be bai. Tresna interesgarria da ikertzaileentzat, historialarientzat eta Bizkaiaren jatorria eta bilakaerea ezagutzeko interesa dauen jentearentzat. Hainbat alor lantzen dira, besteak beste, ekonomia, erlijinoa, zuzenbidea eta merkataritzea.

Liburuan Galdames, Balmaseda, Zierbena, Zalla, Barakaldo edo Artzentalesen ganeko informazino ugari dago, baita Enkarterriren eta, oro har, Bizkaiko beste leku batzuen ganekoa be. Halanda be, gehien agertzen dan eremua Villaverde de Turtzioz enklabea da, Kantabriakoa, baina Bizkaiko lurraldean dagoana. Enklabe horren gaur egungo egoerea Velascotarrek, Gaztelako familia garrantzitsu batek, XV. mendean Avellanedatarrakaz egindako salerosketatik dator. Velascotarrak familia garrantzitsua izan ziran, Gaztelako Koroan postuak zituen eta XV. eta XVI. mendeetan zehar Bizkaiko Jaurerriaren luze-zabalean zabaldu gura izan zituen euren jaubetzak. Hori dala eta, gatazka handiak izan ziran Bizkaiko leinuakaz eta familiakaz. Haren eragina oso handia izanzan eta XV. mendean, Villaverdeko harana erosi eta Ruesga eta Sobrako korrejimenduagaz lotu eben. Hori dala eta, ez zan Avellanedako Batzar Nagusien barruan geratu, Enkarterriko ganerako bailarak eta kontzejuak moduan.

Mendeek aurrera egin ahala, Turtzioz Kantabriako Autonomia Erkidegoaren barruan sartu zan eta ez Euskadin. Holan eratu zan, Trebiñuko Konderriagaz jazo zan moduan (kasu honetan Burgosi lotua), Bizkaiko lurraldez inguratutako kantabriar enklabea, orain mende batzuk, Velasco familia indartsuak bere agintea Bizkaian zabaltzeko interesak zirala eta.

Liburua deskargau hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu