Euskerazko liburuen itzulpen ugari babestu ditu Etxeparek
2021-02-25 10:23 Euskerea berbagai2020ko laguntzinoen ondorioz, bost liburu argitaratu dira, eta beste bat bidean da.
2020a ez da erraza izan argitaletxeentzat, pandemiaren eraginez, eta euskerazko literaturea beste hizkuntza batzuetara itzultzeko lanak be nahi baino oztopo gehiago izan ditu. Halandabe, Etxepare Euskal Institutuak igaz emondako diru-laguntzinoak frutua emoten hasi dira, bost obraren itzulpenak dagoeneko argitaratuta dagozalako, eta seigarrena laster izango dogu esku artean.
Etxeparek azaldu dauenez, 2020an 28 obraren itzulpenak laguntzeko konpromisoa hartu dau, horretarako 64.913 euro erabilita. Hortaz, aurrerago argitalpen gehiago etorriko dira. Poesia, nobelea, ipuinak, saiakerea... formatuari jagokonez askotariko lanak dagoz lagundutakoen artean.
Oraintsu plazaratu diran itzulpenenetako bat da Beatriz Chiviteren Hirietan poesia bildumea, gaztelaniazko eta galegozko bersinoak buztartzen dituan liburua. Antonio Rodríguez López izan da itzultzailea. Mikel Valverderen Rita erraldoia liburua, ostera, eslovenierara itzuli dau Zalozba Malincek, Nika Vekilanka izenburupean. Yolanda Arrietak gaztelaniara itzuli dau Atãria, berak idatzia.
Argia ikusi daben itzulpenen zerrendea biribiltzen dabe Joxemari Iturralderen (Perlak, kolpeak, musuak eta traizioak, finlandieraz Armoniskuja) eta Kirmen Uriberen (19 segundo, gaztelaniara itzulia) liburu banak. Ganera, laster plazaratuko dau Edition Coverso etxeak Katixa Agirreren Atertu arte itxaron elebarriaren alemanierazko bersinoa.
Itzultzeko bidean diran beste liburu batzuen barri be emon dau Etxeparek. Esate baterako, Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen Miñán, Bernardo Atxagaren Etxeak eta hilobiak eta Katixa Agirreren Amek ez dute. Horrezaz gan, euskal poesiaren antologia bi egiteko proiektua be martxan dago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!