Korrika batzordeetan parte-hartzeko deia zabaldu dabe
2025-12-23 07:50 Euskerea berbagaiGazte Euskaltzaleen Sareak gazte zapiaren alde egin dau.
AEK-KORRIKAk eta GES-ek alkarlanerako akordioa adostu dabe. Gazteek 24. KORRIKAn era aktiboan parte-hartzeko gonbita egin deuts euskal gazte jendarteari eta indar kolektibo hori erakutsiko dauen bereizgarria aurkeztu dabe: gazte zapia.
24. KORRIKAren edizinoa badator eta Gazte Euskaltzaleen Sarea ez da pozik euskerearen egoereagaz; holan adierazo dabe AEK-KORRIKAgaz egindako bileran: gaur inoiz baino garrantzitsuagoa dau euskerearen aldeko beste bultzada bat eragitea eta Korrikak horretarako testuinguru aproposa eskaintzen dau, gazteondako pizkunde barri bat eragiteko, euskerearen aldeko gazte olatua.
Hatara, proposamen zehatza egin deutse euskal gazte jendarteari: lekuan lekuko Korrika batzordeetan parte-hartzea era aktiboan. Euskal Herriko auzo eta herrietan osotzen diran batzordeetarako gida bat atondu dabe euskerearen bueltako kontzientziazino eta aktibazinorako: helburua gure auzoko gazteria euskereagaz mobidu eta konpromisoak hartzeko erronkak bultzatzea izango da, adierazo dabe.
Gazte olatu hau ikusarazoteko bereizgarria sortu eta Korrika bitartean jantzita eroateko deia egin dabe: gazte zapia. Aitatu batzordeetan egongo da eskuragarri euro batean: irudikatu daigun batzordez batzorde egiten dogun lan hori lasterketan bertan.
Korrikako arduradun Ane Elordik, bere aldetik, esker berbak izan ditu GESek izandako ideari: gazteoi askotan esaten deuskue zer egin behar dogun, eta hori baino, uste dogu beharrezkoa dala gazteoi espazioak eskaintzea ekiteko eta eragiteko. Esangura horretan, Gazte Euskaltzaleen Sareak egindako proposamena guztiz bat dator Korrikaren mezuagaz. Holan, dei berezia egin deutse Elordik AEK-ko kideei, baita eragileei be, eta Korrika batzordeetan parte-hartzen daben lagun guztiei, gazteakaz bat lan egiteko euskerearen alde: piztualdirik izango bada, gazteakaz izan beharko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
