Bertso Udalekuetarako aurrelanetan

Bizkaie! 2021-02-25 10:04   Bertsolaritzea

Martiaren 1ean hasiko da hezitzaileen izen-emotea.

Egoeraren bilakaereak erakutsiko deusku aurten Bertso Udalekuak egingo ditugun ala ez. Maiatzaren hasieran hartuko dogu erabagia, momentu horretan indarrean egongo diran neurri eta legeak aintzat hartuta. Edozelan be, udalekuek aurrelan handia eskatzen dabe, aintzat hartu beharreko ezohiko neurriak be gehituko jakuz aurten eta ondorioz, prestaketa lanetan hasiak gara.

Umeen izen-emotea ez da oraindino hasi, udalekuak egingo dirala ziur jakin arte; maiatzean izango da hori eta orduan hasiko litzateke umeen izen-emotea.

Bien bitartean, martiaren 1ean ekingo jako hezitzaileen izen-emoteari, goizeko 10:00etan; www.bertsozale.eus atarian izango dan izen-emote orria bete beharko da horretarako. Hezitzaileek begirale, zuzendari, sukaldari ala praktiketako begirale izateko emon ahal izango dabe izena, ondoen egokitzen jaken udalekuetako txandea be aukeratuta. Martiaren 14an amaituko da epea eta apirilaren hasieran emongo jake izen-emotearen egoerearen barri.

Apirilean lantaldearen osoketearen barri emonda, maiatzaren hasieran jakinarazoko jake hezitzaileei udalekuak egingo ete ditugun ala ez eta maiatzaren 22an izango litzateke prestaketa saio edo egun-pasa.

Zortzi txandako udalekuak

Bost txanda izaten dira baina aurten lagun eta egun kopuru gitxiagoko egonaldiak antolatu ditue; horregatik, zortzi txanda dira. Sopelan eta Zuhatzan txanda bana egingo litzateke eta Orion, Uitzin eta Amaiurren, bina. Guztiak bost egunekoak dira eta garagarrilean izango litzatekez. Txanden inguruko informazio gehiago, hemen.

Batzar Nagusirako izen-emotea, martiaren 10era arte

Orain aste batzuk iragarritakoari eutsiz, martiaren 18an egingo da Bertsozale Alkartearen 2021eko Ohiko Batzar Nagusia, Amasa-Villabonako Subijana etxean, 18:30etik aurrera. Antolaketa eta toki arrazoiak tarteko, batzarrean parte hartu nahi daben bazkideek izena emon behar dabe aurretik, izen-emote orri hau beteta edo +34 943 69 41 29 telefono zenbakira deituta. Aretoan bertan nahiz online jarraitzeko aukerea izango dabe bazkideek eta zein aukera hobesten dan adierazoi behar da izena emoterakoan. Martiaren 10a baino lehen emon behar da izena.

Arabako Bertsozale Alkarteak zezeilaren hasieran ekin eutson batzarren hitzordu zerrendeari: 7an izan zan lehen batzarra eta jarraian etorri dira Nafarroako Bertsozale Alkartekoa eta oraintsu egin eben Bertsularien Lagunak alkartekoek.

Azken buruan, martian egingo ditue Gipuzkoako eta Bizkaiko eakarteetakoak: hurranez hurran, martiaren 10ean bata eta 13an bestea. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu