Euskal musika-ondarea berreskuratzeko 'OndarE Oficina' ekimen aitzindaria aurkeztu dabe
2021-02-24 13:11 MusikeaSasoi guztietako euskal musika ondarea berreskuratzea da helburua.
Donostiako Koldo Mitxelenan, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeroaimaileak, Josu Okiñena musikari, ikertzaile eta irakasleagaz batera, OndarE Oficina ekimenaren aurkezpenean parte hartu dau gaur. Ekimen honek sasoi guztietako euskal musika ondarea berreskuratzea dau helburu. Okiñenaren bokazino personala zana hainbat aktore eta helburu dituan proiektu bihurtu da: artxiboetan ahaztutako euskal musikearen berreskuratzea eta musika garaikideko konpositore barriei bultzadea emotea, hain zuzen: Sorkuntza barrien alde, euskal konpositoreen ondare musikala berreskuratzea helburu dauen argitaletxe musikal aitzindaria aurkeztu dogu, bizirik dagozan eta egun sorkuntza-lanetan diran konpositoreen konposizinoen alde, adierazo dau musikari eta ikerlari donostiarrak.
Bestalde, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazo dauenez, argitalpen-ekimen honek euskal kulturan dagoan hutsune bat beteten lagunduko dau, gure musika-ondarea berreskuratu, balioetsi eta zabalduz, batez be, eskuizkribuak, partiturak eta beste musika-legatuko elementu batzuk berreskuratzeko lan neketsu, iraunkor eta zehatz hori egiten dabiz, Aita Donostia, Pascual Aldave eta Tomás Garbizu lako figuren promozino-lanen eta argitalpenen bidez, baita zabalpen eta promozino-lanaren bidez be.
Okiñenaren eretxiz, proiektua Madrilen sortu zan orain urte batzuk, beste jarduera batzuekaz batera musika-edizinoa egiteko planteamenduagaz baina aurrerago euskal konpositoreen ondarean oinarritu zan, konturatu ginalako hutsune handia egoala hemen arrazoi historiko, politiko eta administratiboakaitik. Arrazoi horreengaitik orain ezagutzera emon gura ditugun musika-konposizino bikainok ez ditue orain arte argitaratu eta jendarteratu.
Ekimena euskal kulturearen munduan eragile bultzatzaile barri bat izateko jaio da, euskal musika-ondare aberatsa sasoi guztietako musika unibersalaren mailan jarteko. Okiñenaren ustez, musikea unibersala da. Gure helburua musikea sakon lantzea eta zenbait jarduera egitea da, musika hori existidu daiten, hau da, jatorrizko eskuizkribuaren azterketatik edizino kritikoa egiten da, partiturea argitaratzen da, audio-formatuan grabetan da, bai diskoan, bai bideoan eta kontzertuan programetan da.
Kontuak kontu, hiru urte baino gehiagoko gorpuzte-garaiaren ondoren, OndarE Oficina Euskadin aurkeztu eta errotu da katalogo zabal bategaz: Aita Donostia, Pascual Aldave, Tomas Garbizu eta Gabriel Erkorekaren hogei partitura argitaratu baititu dagoeneko: Orkestra, sinfoniko, sinfoniko-koral errepertorio ugari oraindino interpretau barik dago edo, akaso, interpretazino bakarra egin eben musikagileagaz batera baina ez dabe sekula barriro interpretau, besteak beste, orkestrek egin ahal izateko materialik ez dagoalako, adierazo dau Okiñenak. Musika-ekimen horrek Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa izan dau orain arte argitaratutako ia argitalpen guztiak plazaratzeko, izan be, argitalpen-lana egiteko, aurretik material horreek sakon aztertu behar dira, edizino kritiko bat egin behar da eta argitaratzailearen eskuizkribuetan edota lehen estreinaldirako erabilitako kopia digitalizau batzuetan geratu ziran akatsak berrikusi behar dira. Horregaitik guztiagaitik, ezinbestekoa da material horreek orkestretan banatzeko eskuragarri dagoan edizino bat egitea beti. Hor dago Aldaveren Akelarre lana, lau euskal rapsodiaz osotutako neurri ziklopeoko obrea, Pio Barojaren lanetan oinarritua. Ez egoan material hori orain arte argitaratuta.
360 graduko lana
Lan hau barria da, hasieratik amaierara egiten dan prozesu osoa baita, 360 graduko ibilbidea dalako, hain zuzen, jatorrizko iturritik hasi eta munduko edozein lekutan kontzertu baten bidez musika hori zabaltzen dan arte. Eta horrek beragaz dakarren lan guztia: partiturea editau, diskoa produzidu, partiturearen analisi kritikoa egin, kontzertuan joko dauenaren interpretazinoa aztertu, aretoek eta erakundeek programau, egile-eskubideak, inprentea, grabazinoa eta bestelakoak kudeatu.
Era berean, OndarE Oficina proiektuaren aurkezpen horren bidez, euskal ondarea zabaltzeko interesa daben guztiei dei egiten jake egungo eta sasoi guztietako musikea zabaldu nahi dauena proiektuko arduradunakaz hartu-emonetan jarri daiten.
Orain arte argitaratutako material guztia eskuragarri dago OndarE Oficina-ren webgunean hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!