Bilboko 13 gune euskerearen plaza bihurtuko ditu Loraldiak
2021-02-24 10:20 Euskerea berbagaiMartiaren 9tik 28ra, Sormenari zor lemapean egingo da zazpigarren edizinoa.
Euskerazko kulturea eta sormena erdigunera ekarriko ditu beste behin Loraldia Festibalak udabarrian, Bilboko leku ezagunetan disziplina ugaritako ekitaldiak antolatuta. Martiaren 9tik 28ra, 19 egunez euskal kulturearen plaza edo agertoki izango da Bizkaiko uriburua. Zazpigarren edizino honen leloa Sormenari zor izango da.
Hainbat helburu izango ditu aurtengo edizinoak, antolatzaileek azaldu dabenez: euskal sortzaile gazteak nabarmentzea; emakumeak oholtzara ekartea; publiko barrietara heltzea; eta memorian sakontzea, iturri zaharren erreferenteetatik proposamen barriak aurkezteko. Zazpigarren edizinoko erreferenteen artean egongo dira Xabier Lete, Joseba Sarrionandia eta Agustin Xaho.
Antzerkia, jantzea, musikea, literaturea, zinemea eta beste arte adierazpide batzuk dagoz egitarauan, Bilboko 13 gunetan banatuta. Horrezaz gan, aurtengo barrikuntzak dira kabareta eta rol jokoak. Produkzino barriak eta estreinaldiak be ez dira faltauko. Asmoa aretoak euskal kulturearen zalez betetea da, baina oraingo egoereak eskatzen dituan segurtasun neurriak errespetauta.
Hain zuzen be, pandemiak eragindako oztopoei aurre egiteko, esperientzia digitala be eskainiko dau zazpigarren Loraldiak. Bilboko mugetatik urten, eta mundu osoan ikusi ahal izango dira aurtengo edizinoko ekitaldiak, Loraldiaren eta EITBren webguneetan egingo diran emonaldien bidez.
Egitarau betea
Festibalari ekiteko, martiaren 9an, Mikel Ayllon idazleak Zoriontsuak izatea aukeratu genuen liburua aurkeztuko dau Itsasmuseumen. Argitalpen horretan oinarritutako antzezlana oholtzaratuko dabe Irati Onaindiak, Aritz Bengoak, Igor Arzuagak eta Pablo Ibarluzeak. Literatureagaz lotuta, Zura eta ura ekintzea egingo dabe 13an, Miren Agur Meabe eta Leire Bilbaoren testuetan oinarrituta, Itsasmuseumen bertan, eta 20an, Azkuna Zentroan, Joseba Sarrionandiaren eta Fernando Pessoaren arteko barriketaldia antzeztuko dabe.
Musikearen atalera salto egiten badogu, artista gazte askoren izenak topauko doguz egitarauan: Olatz Salvador, Idoia Azurmendi, Haizea Martiartu... Zetak talde ezaguna eta txalapartea eta musika klasikoa buztartzen dituan Basabi taldea be oholtzan izango dira.
Agustin Xaho danez aurtengo erreferenteetako bat, Asisko Urmenetaren Azti Hitza komikiak protagonismoa izango dau; Euskadi Saria irabazi eban lana da. Xabier Lete gomutan hartzeko, ostera, Loreak eta zauriak ikuskizuna dago egitarauan, Beñat Gaztelumendi, Xabier San Sebastian, Joserra Senperena eta Quico Pugèsen eskutik.
Jantzearen atalean, tradizinoa eta jokera garaikideak buztartuko ditu Pantxinka Telleria koreografoak martiaren 13an, Azkuna Zentroan, eta, egun berean, Dantzertik Arrakalak jardunaldiak egingo ditu, online. Haatik konpainiak bertsoa jantzan jarriko dau Errimak bi oinetan ikuskizunean. Garazi Etxaburuk Jose Pablo Arriagaren eszenografia Euskal Museoko atriora eroango dau hilaren 21ean. Kukai Taldeak, bestetik, Bizimina izeneko film laburra aurkeztuko dau Loraldian.
Kabareta izango da aurtengo barritasunetako bat: La Fundición aretoan egingo ditue Esnatu naiz ikuskizunaren saio bi, martiaren 27an eta 28an. LGTBI+ kolektiboko kide askok jasaten daben egoerea gizarteratzea da kabaret honen helburua, Elur izeneko pertsonaia nagusiaren bidez.
Beste nobedadea rol jokoak dira. Azkuna Zentroko Mediatekan, hilaren 20an, Gorordromoa jokoan olgauko dabe hogei jokalarik, Atopia liburua oinarri dabela.
Ikusi programa osoa hemen.
Babesa eta alkarlana
Loraldiak bizi-bizi segiduten dau, euskerazko sormenaz loratzen, laguntzaile eta babesle ugariri esker. Tartean dagoz erakunde publiko eta kultural ugari eta lorazainak. Azken honeen omenez, Lorazain Eguna izango da martiaren 19a. Horrezaz gan, deskontu eta abantaila ugari izango ditue Lorazainen komunidadeko kide diranek.
Era berean, Bilboko metroan, Loraldiaren argazki erakusketea ikusi ahal izango da zezeilean eta martian. David Herranzen argazkiak oinarri dirala, Loraldia zer dan erakutsi eta euskal kulturearen balioa gizarteratzea dira erakusketearen helburuak.
Azkenik, bisita gidatu berezi-berezia egingo dabe Irati Agirreazkuenagak, Mikel Ayllonek eta Igor Arzuagak. Fikzinozko kontakizun baten bidez, pandemia sasoian maskarearen azpian dagoan Bilboren barri emongo dabe. Berez, audio-gidea da Loraldiak eskainiko dauena, norberak webgunetik deskargau eta ibilbidea bere kontura egiteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!