AEK martxan, euskalduntze-mobimentuaren garrantzia plazaratzeko
2021-02-24 08:54 Euskerea berbagaiEuskal Herrian, Bultza Euskaltegiak! ekitaldiak atonduko doguz martiaren 28an.
Euskal Herriko herritarren % 55 erdalduna da. Bardintasunean oinarritutako jendartea ames badogu, argi dago herritar helduen euskalduntzea beharrezkoa dala, danon eskubideak bermatzeko zubia dalako. Beraz, euskaltegi sendoak behar ditugu; bide onetik goaz, urtero-urtero 45.000 herritar baino gehiago dabiz euskerea ikasten horreetan, baita pandemiak eragindako ikasturte ezohiko honetan be. Bultza daiguzan euskaltegiak! Bultza daigun euskerea!
Halan eta guztiz be, arlo horren finantziazinoa ez da nahikoa, aurrerapausoak emon diran arren: AEK Euskal Herri osoan dabil, herritarrei euskerea ikasteko aukerea emoten jake edonon bizi diralarik be; horregaitik, gaur egun, hiru administrazinoetatik (EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria) arloari bultzada estrategikoa emon behar jako.
Hurrengo hileotan, Bultza euskaltegiak! Bultza euskerea! izeneko dinamikea jarriko dogu abian. Orain 55 urte Rikardo Arregik bialdutako karta haretan argi islatu zan helduen euskalduntzea ezinbestekoa zala, orduan, euskeraren bizibarritze osoa lortzeko. Gaur egun, bide oparo eta nekaezina eginda be (jendarteak azken hamarkadetan irabazitako hiztun barrietatik heren batek euskaltegietatik urten dau), bistan da euskaltegiok buru-belarri segidu behar dogula lanean.
Ardatzak:
2021eko gutuna. Hori dala eta, Bultza euskaltegiak! dinamikearen barruan, gutun bat helarazoko deutsegu Euskal Herriko administrazino nagusiei, datozen urteetan euskalduntze-mobimentuak zelako baldintzak izan behar dituan jasota. 1966ko urtarrileko gutunetatik, 2021eko apirileko eskutitzera igaroko gara.
Eragileok, Bultza euskaltegiak! Bultza euskerea!. AEK mueta guztietako eragileentzako lan-arlo bat be jorratzen dabil. KORRIKAren aurreko edizinoan, Albaolako/Bastidako ekimenean hainbat eragilek KLIKA egin eta konpromiso bat hartu eben. Orain, hartu-emon horreek sustatzen segidu nahi dogu, eragileek aurrerapauso gehiago emoteko, akuilu-lana be egin deien euren eremuan; gobernuek eta herritarrek jokatzen daben rolaz gan, eragileek be zeregin garrantzitsua dabelako.
Herritarren bultzadea gura dogu, aurten be euskerearen lekukoa, euskaltegien aldeko bultzadea, kalean egon daiten. Administrazinoaren aldetik, pausu gehiago egin daitezan eskatzen dogun bitartean, jendartearen arnasa be ezin dogu galdu. Hori dala eta, Euskal Herriko hainbat lekutan Bultza Euskaltegiak! ekitaldi xumeak atonduko doguz martiaren 28an. Momentu honetan, 45 gune lotuta doguz eguerdiko 12:00etan ekitaldiak bideratzeko, baina behin betiko zerrendarik ez dogu oraindino zarratu.
Martiaren amaierara arte, Bultza euskaltegiak! Bultza euskerea! Egizu zeure ekarpena kanpainea be martxan dago. Korrika atzeratzeak zuloa eragin deusku aurrekontuan eta banku bidezko finantziazinoaren bitartez emon deutsagu erantzuna. Zorpetze horri be aurre egin beharko deutsagu eta herritarren babesa nahi dogu, bultzada txiki bat eta hurrengo ikasturtean izango dan KORRIKAk babes erraldoia jasoko dauelakoan gagoz, benetan behar dogu-eta. Ekarpenak webgune honetan egin daitekez, begitu hemen. Diru-emoile guztiei Cultural Memories-ek AEK-KORRIKArako sortutako irudia bialduko jake e-postaz. Gainera, 30 eurotik gorako ekarpenak egin ezkero, posta arruntez be egin daiteke bialketea.
Kontuak kontu, euskaltegion ezinbesteko rola Euskal Herri euskalduna izango badogu eta, bide horretan, herritarron nahiz eragileen babesaz gan, administrazinoen babesa be behar-beharrezkoa jaku.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!