Bilboko Alkarte Filarmonikoak 125 urte bete ditu

Bizkaie! 2021-02-24 08:08   Musikea

Juan Mari Aburto alkatea buru, Udalak harrerea egin deutse alkarteko kideei. 

Juan Mari Aburto alkatea, Carmen Iztuetari oroigarria emoten (argazkiak: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Uriko panorama kulturalean erakunde beteranoenetako bat da Bilboko Alkarte Filarmonikoa, 1896ko zezeilaren 23an sortua. Hortaz, atzo 125 urte bete zituanez, Udalak harrera instituzionala egin eutsan, halako efemeride nabarmen batek merezidu dauen moduan. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak lamina bat emon eutsan, oroigarri lez, Alkarte Filarmonikoko presidente Carmen Iztuetari.

Alkateagaz batera, Udaleko beste ordezkari ugari be egon dira ekitaldian, besteak beste, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotzia. Ez da Bilboko uriak Alkarte Filarmonikoari egiten deutsan lehenengo gorazarrea, orain dala 50 urte Uriaren Urrezko Dominea emon eutselako. 

Juan Mari Aburtok Alkarte Filarmonikoaren mende eta laureneko ibilbidea txalotu, eta pandemia sasoi honetan bere ondareari eta jarduera kulturalari eusten ahalegindu dala azpimarratu dau. Bilboko kultur bizitzan sendo zuztartutako erakundea da. XIX. mendeko filantropo, melomano eta ongilerik handienen topaleku izan zanetik gaur arte, ibilbide itzela eta emonkorra egin dauela dino alkateak. 

Emiliano Arriagaren ekimenez sortu zan Bilboko Alkarte Filarmonikoa, 1896an. Juan Crisóstomo Arriaga konpositore bilbotar ospetsuaren anaiearen lobea zan berau, eta alkarteko lehenengo presidente izentau eben. Orduko musikazaleei nazinoarteko artistarik onenak entzuteko aukerea emoteko asmoz sortu eben erakundea.

Alkarte Filarmonikoak antolatutako lehenengo kontzertua gaur egungo Unamuno plazako Institutu Bizkaitarra zanaren areto nagusian izan zan, 1896ko maiatzaren 20an. Harrezkero, ehundazak kontzertuk bete dabe erakundearen programazinoa. Gaur egun, Portuko Markesaren kalean dau egoitzea, agertoki eta guztiduna. 

Alkarte Filarmonikoaren agertoki nagusia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu