Bizkaiko foru museoen jardueren programea aurkeztu dabe
2021-02-23 08:42 Kulturea2021ean 200 jarduera baino gehiago antolatuko ditue.
Bizkaiko Foru Aldundiak bere jaubetzako museo, areto eta gune kulturaletan 2021ean egingo diran jardueren gidea aurkeztu dau, era guztietako jentearentzako 200 hitzordu baino gehiago batzen dituan programa zabala. Lorea Bilbao eta Andoni Iturbe, Aldundiko Kultura ataleko arduradun nagusiak, egon dira aurkezpenean. Aurtengo egitaraua askotarikoa, erakargarria eta dibertigarria dala adierazo dau Bilbaok.
Danetariko jarduerak egingo dira aurten Bizkaiko museo, areto eta gune kulturaletan, tartean erakusketak, tailerrak, topaketak, proiekzinoak, kontzertuak eta bisita gidatuak. Programazinoa atontzeko orduan, kalidadeari, aniztasunari, irisgarritasunari eta entretenimenduari emon deutse lehentasuna, eta online izango dira hitzordu asko, pandemia sasoi honetan ahalik eta herritar gehiagogana heltzeko.
Jarduera-programea Bizkaiko Foru Aldundiaren sareko museo eta areto guztietan dago eskuragarri. Era berean, doban deskargau leiteke hemen.
Aurten, ganera, Bilboko Rekalde Aretoak 30 urte beteko ditu. Horren harira, erakusketa handi bi antolatuko ditue: Agustin Ibarrola. Naturalki izenekoan, artista horren lanak natureagaz dauen hartu-emona nabarmentzen da; Ertibil Bizkaia erakusketan, 2020an Foru Aldundiaren bekea izan daben sortzaileen obrak ikusi ahal izango dira.
Beste horrenbeste urte beteko ditu Gernikako Euskal Herria Museoak. Han be, egitarau zabala atondu dabe 2021erako. Apiriletik ikusgai izango dan Hemingway & Euskal Herria erakusketan, idazle estadubatuarrak Euskal Herriagaz eta bertako jenteagaz izan eban lotura estuaren barri emongo dabe.
Beste jarduera aitagarri batzuen artean, azpimarratzekoak dira Bilboko Arkeologi Museoko Erraldoien bizkar gainean: euskal arkeologiaren historia eta Bermeoko Arrantzaleen Museoko Acurio eta Elcano 1519-1522. Bizkaitarrak lehen munduko biran erakusketak.
Meatzaldean, El Pobal burdinolan eta Muñatones gazteluan berbaldi interesgarriak antolatu ditue, euren arloan erreferente diran emakumeen eskutik. Ana Martínezek Burdinea Erroman izenekoa emongo dau; Ainara Martínezek eta Amaia Apraizek Paisaia oroimena da; eta Janire Castrillok eta Irene Lópezek Erdi Aroan emakume izatea.
Balmasedako La Encartada fabrika-museoak bere makineria zelan zaharbarritzen dabizan erakutsiko deutso jenteari, hileon bertan hasiko diran bisitaldien bidez, eta, zemendian, ehungailu, tailer mekaniko eta iruteko tresnak martxan jarriko ditu.
Bakion, ostera, geure ardaorik ezagunenetako batez gozau ahal izango da Txakolingunean, eskarmentu handiko sommelierren dastaketa eta buztartze saioetan. Udan, ganera, urteroko ibilbide historiko gidatuak egingo ditu Foru Aldundiak, Busturialdeko aztarnategi arkeologikoak ezagutzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!