Bilboko Musika-Musica 2021, martiaren 5etik 7ra
2021-02-22 13:37 MusikeaEuskalduna Jauregia, Azkuna Zentroa, Alkarte Filarmonikoa eta Bizkaia Aretoa izango dira jaialdiaren egoitza.
Bilboko Udalak atondutako jaialdia, aurten Vienari eskainitakoa, urian zehar ibiliko da lehen aldiz eta Euskalduna Jauregian, Bilboko Azkuna Zentroan, Bilboko Alkarte Filarmonikoan eta Bizkaia Aretoan (UPV/EHU) be izango dira kontzertuak.
Alkateak aurkezpenean iragarri dauen legez, Bilbo musikearen Europako uriburua izango da eta aurten Bilbora zabalduko da jaialdia, zaleei kontzertuetara joatea errazteko.
Gonzalo Olabarriak, barriz, Udalak bere programazino kultural osoan tokiko talentuaren alde egindako apustua azpimarratu dau: Musika-Musicak beti egon da kalidadearen alde eta harrotasunez esan geinke Bilbok orkestra sinfonikoa, Koral Alkartea eta artista garrantzitsu ugari dituala. Abeslari gehienak Euskal Herrikoak dira eta aurten, gainera, Iker Sanchezek zuzendutako Bilbao Sinfonietta orkestreak lehenengo aldiz joko dau.
Lehenengo kontzertua hilaren 5ean izango da, 19:00etan, Euskalduna Jauregian eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) emongo dau, Bilboko Koral Alkartea, Miren Urbieta-Vega sopranoa, Ainhoa Zubillaga mezzosopranoa, Mikeldi Atxalandabaso tenorea eta Jose Antonio López baritonoagaz batera. Interpretauko daben obrea Beethovenen 9. sinfonia re minor-ean opus 125 ospetsua izango da.
Sarrerak zenbakituta egongo dira eta 6 eta 12 euro artean jarriko dira salgai, zezeilaren 24an, eguaztenean, Euskalduna Jauregiko leihatiletan eta webgunean, baita Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan eta kontzertu-aretoetan be, saio bakotxa hasi baino ordu erdi lehenago.
Bilbo - Viena
Viena, musikearen uriburu nagusia, aukeratu dabe aurten protagonista izateko eta, esangura horretan, 2019an Londresegaz eta New Yorkegaz hasi eta 2020an Parisekin segidu eban zikloa zarratzen da. Bilbo Vienaren pareko bihurtuko da eta martiko lehen astegoienean musikearen uriburu bihurtuko da.
Bilboko Udalak 36 kontzertu programau ditu: Lehenengoa, barikuan, martiaren 5ean, izango da, 19:00etan, Euskalduna Jauregiko Auditorioan eta BOSen (Giancarlo Guerreroren zuzendaritzapean) esku egongo da.
Era berean, nabarmentzekoa da martiaren 7an, domekan, 19:30ean, Euskalduna Jauregiko Auditorioan, Mozarten Requiem re minor-ean K.626 kontzertua, Iker Sanchezek zuzenduko dauen Bilbao Sinfonietta orkestrak interpretauko dauena, Bilboko Koral Alkartea, Vanessa Goikoetxea sopranoa, Maite Maruri mezzosopranoa, David Alegret tenorea eta Christopher Robertson baritonoagaz batera.
Hilaren 6an eta 7an, Alkarte Filarmonikoan, Les Dissonances orkestra europarrak, David Grimalen gidaritzapean, Mozarten biolinerako kontzertuen integrala interpretauko dau eta Azkuna Zentroan, barriz, Ensemble-k Mozart eta Beethovenen haizerako kintetoak joko ditu.
Jaialdiaren hogeigarren edizino honetako beste kontzertu aitagarri bat martiaren 6an izango da, zapatuan, 19:30ean, Gustav Mahlerren 4. Sinfonia sol maior-ean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren (OSE) eskutik, Serena Saenz sopranoagaz batera, Semyon Bychkov zuzendariaren agindupean.
Musika-Músican lehen aldiz joko dabe Trío VibrArt hirukoteak eta Juan Perez Floristan pianisteak.
Konserbatorioak, familiak eta zinemea
Konserbatorioetako kontzertuetarako leku bat be egongo da, Barakaldoko Udal Konserbatorio Profesionaleko Orkestrearen eta Bilboko Koral Alkartea-Jesus Guridi Orkestrearen eskutik.
Edizino honetan, familientzako saioetarako gune bat be badago, alde batetik, Companyia Princep Totilau-ren eskutik, publiko guztiarentzako Mozartland ikuskizunagaz, 3 urtetik aurrera; eta, bestetik, Orthemis Orquestrearen eskutik, A tempo d’umore obra komiko eta musikala, Mozart, Beethoven, Schubert eta J. Straussen musikeagaz.
Zinemeak protagonismoa izango dau barriro be jaialdian: Vienako musika Pantaila Handian, Kubrick, Polanski, Visconti eta Daldryren filmei buruzko barriketaldiak eta Zineak Mozart maite dau, Afrikako oroitzapenak (Out of Africa), Closer, Elvira Madigan eta Bizi arteko zigorra (The Shawshank Redemption) filmen bidez.
Elena Odriozola, kartelaren egilea
Viena irudikatuz Musika-Música 2021 Jaialdiaren irudia Elena Odriozola ilustratzaile donostiarrak egin dau; makinatxu bat sari eta autorpen jaso ditu hemen eta munduan, besteak beste, Literaturako Euskadi Saria, marrazkiakaitik (2009, 2013), Marrazkigintzako Estaduko Saria (2015) eta Irudiztapenari buruzko Bratislavako Biurterokoaren Urrezko Sagarra (2015).
Sarrerak
Sarreren salmentea zezeilaren 24an, eguaztenean, hasiko da:
Euskalduna Jauregiko leihatiletan (astelehenetik zapatura, 12:00-14:00h. / 17:00-20:00h) eta hemen.
Kutxabank-eko zerbitzu anitzeko kutxazainetan.
Kontzertu-aretoetan, kontzertua hasi baino ordu erdi lehenago. Azkuna Zentroan, Bizkaia Aretoan zein Bilboko Koral Alkartean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!