Serge: 'Kantuak biluzik entzutea be ederra da'
2021-02-22 07:55 BarriketanSergek Gari Berasaluzeren olerkiakaz ondutako Enarak itzuli dira lehenengo diskoagaz ekin eutson bakarkako lanari eta orain, barriz, norberaren iparrorratza erabiltea erabagi dau, odol eta izerdiz idatzitako kantuak sortzeko, proiektu personalagoan.
Debuteko lanean bezela, Zestoako Gaztain estudioan egin ditue grabaketa lanak Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean, 2019ko bagila eta garagarrila bitartean. Zortzi dira kantu barriak, entzulea konplize eta bidaide hartzeko beste indar daben istorio poetikoak.
Serge (Sergio Ruiz G-Txabarri) ez da hasibarria musikan. Urteak daroaz Eraso! eta Osso taldeetan baina bakarka be baeukan zeresana eta plazan dagoz Enarak itzuli dira eta Leihotik Mundura.
1.- Leihotik Mundura aurkeztu barrian be lehendik ezagutzen dogun ahots sendoa eta gitarra akustikoa agertuko jakuz kantuetan. Musikearei jagokonez, goitik behera aldatuta zatoz...
Ez pentsau. Lehen diskotik bigarren disko honetara ez da salto handirik, nire ustez. Kantuak beharbada jantziago dagoz, bai seintetizadore eta perkusino gehiagogaz baina tira ez dot uste aldaketa handirik dagoanik Enarak Itzuli dira diskoagaz konparauta; egia da, kantuak folk ikutuagaz, oso intimistak, lasaiak eta denporea lasai hartzeko kantuak dirala baina ikutu barriak edo sartzen be bagabiz....
2.- Gari Berasaluzeren berbak erabili zenduzan 2019an argitaratutako lehenengo diskoan eta ez daukagu ahaztuteko Ispilu hautsien gainean kantua. Aspaldiko amesa zenduan Berasaluzeren berbak erabiliz diskoa atontzea?
Gari ume koskor ginanetik ezagutzen dot. OHOn gure umezaro guztia emon genduan, baita institutuan urte batzuk be... Baina gero bakotxak geure bideari segidu geuntsan; baina haren testuak beti miretsi izan dodaz, olerkiak, zutabeak, liburuak... Oso gustoko dot idazkeran dauen gramatika hori; askotan norena dan testua irakurten nagoala erraz igarten dot Berasaluzerena dala. Haren olerkiak, esangurak, berba-jokoak eta holakoak be asko maite ditut. Orduan nire lehenngo proiektua egiteko aukerea berretsi nebanean, bakarka, hain biluzik egiteak edo, bildurtu egin ninduan eta nahiz eta Eraso! taldeagaz 20 urte baino gehiago berbak idazten egon bateren batengana jo behar nebala begitandu jatan eta lehenengo izena Gari izan zan nire buruan bueltaka. Deitu eta azalpen guztiak emon ondoren, bazituala orain 15/20 urte idatzitako poema liburu bat argitaratu bako nonbait galduta eta topauko baleu bialduko eustala. Asko poztu ninduan Gariren jarrera horrek eta hiru bat aste aurrerago etxe-aldaketearen zurrunbiloan topau eban. Berak esan eustan beste sasoi bateko olerkiak zirala baina tira erabilteko bildur barik esan eustan. Irakurten hasi nintzanean, oso onak zirala jaubetu nintzan eta aproposak musikeagaz batera buztartzeko. Garik esaten eustan aldatuta sentiduten zituala, mutilauta baina barre sano egin ondoren, pozik geratu ginan biok.
3. Disko barrian Eñaut Gaztañagarena da produkzinoa baina gitarra elektrikoa zein sintetizadoreak be erabili ditu eta sano jantzita agiri dira kantuak...
Bai. Hori zen idea. Lehenengo diskoan be lan egin genduan kantuak jazten eta egokitzen baina bigarren disko honetan sakonagao ibili gara eta perkusino eta sintetizadore gehiago sartzea erabagi neban. Gero zuzenekoetara be neugaz Mikel Albistur etorten da hor ibilten da sinte eta perkusinoakaz eta esango neuke kantuak potolotu, indartu egiten dirala. Dana dala, kantuak biluzik entzutea be ederra da, emon izan ditut kontzertuak bakarka eta sinpletasun horregaz lan egitean, kantuaren osotasuna eta esentzia be igarri daiteke.
4.- Eraso taldean rock indartsua jorratu ostean, kantautore zereginetan gustora zabiz? Zeure kantuetako berbak idazten ez zara ausartzen?
Bai bai bueno ni oso gustora nabil, ez deutsu ukatuko, gainera nire bildurrak banituan arren, bolada hori desagertu dala pentsetan dot, bizi erdia baino gehiago daroat musikea egiten baina beste estiloko musikea, hain zuzen, gogorragoa baina entzuteko orduan musika desbardin asko irunsten dot. Orain Eraso! taldeak disko barria atara bitartean, ba honegaz gozetan dot, biak bateragarriak dira. Ezagutzen ez nabenek jakin deiela nire ama taldea Eraso! dala; hurreratzen diranek esaten deustie upealako aldaketea dala, gogorretik lasaitasunera baina ezaguten nabenek, taldekideek eta hurrekoek ondo dakie nor nazen eta ez jake arraro egiten bide bietan ibiltea.
Kantuen berbei jagokenez, Leihotik Munduan disko honetan neuk idatzi ditut kantu guztien berbak, bat kenduta, izan be, Amaitu gabeko puzleak kantua Gari Berasaluzeren poema bat da, ederra benetan, baina tematika oso gogorragaz. Urkatuta azaldu zan preso batek astero bialtzen ei eban puzzle pieza bat eta askatasuna lortzeko amesa eban puzzle guztia amaitukeran; puzzlea amaitzear egoala, urkatuta topau eben ziegan, danon harridurarako.
5.- Zure kantuetan (Aintzira izoztuak, Dena itzaliko bagenu, Mezua, Maleta prest, Gorde itzazu malkoak, Amaitu gabeko puzzleak, Keak iraun bitartean eta Bukaeraren hasiera) mina, nostalgia, gomuta tristeak dira ardatz. Egun bizi dozun-dogun egoereagaz lotuta dagoz kantuak?
Bai izan daiteke, jakina baina gauza gehiago be badira; ez neban pentsetan oraindino kantu barriak sortzea, Enarak itzuli dira diskoaren biran sartuta nengoan, gainera Eraso! taldeagaz disko barrirako kantuak idazten hasiak ginan. Baina bapatean dana hamkaz gora jarri zan, lan barik geratu nintzan 4-5 hilebetez eta nire barruko bildurrak, minak, ezinegonak, ardurak azaleratu jatazan, gauza asko buruan bueltaka.
Ez nengoan nire onenean egia esan baina kantuak sortzen hasi nintzan, konturatu barik, gura barik, gainera baneban zer kontau, terapia hutsa izan zan, duda barik.
Diskoa 2020ko garagarrilean amaituta neukan baina itxaron egin izan dot kontzertuak lotzeko eta hau giro baltz hau normalizetan hasteko baina luze doa prozesua eta diskoa nahitaez argitaratu behar neban; kontua da ze, 2021eko hasieran plazaratzea erabagi neban. Luze egin jat gordeta horrenbeste denporan izatea kantuok. Barrutik, odolez eta izerdiz idatzitako kantuak dira, mina adierazoten dabenak. Benetan barrutik idatzitakoak eta abestutakoak. Gogo handia daukat lau haizetara sentimenduok zabaltzeko.
6.- Baina itxaropentsu be azaltzen zara eta esperantza hori diskoaren azalak be erakusten dau, zeure alabetako batek eginiko marrazki koloretsuan oinarrituta dago. Zer adierazo gura izan dozu?
Nire alaba Ingek hozkailuan itxi eban marrazki bat imanakaz inkauta, ni kantuak idazten nenbilenean. Kantuak leihotik begira egiten nituan, nire leihoko talaiatik begira eta leihoak konnotazino garrantsituzua eransten eutson idazten nenbilan berbakaz baina aitatu marrazkia ikusi eta barruan zeozer igarri neban, konfinamendu erdian gengozan eta leihoz beteriko marrazki koloretsua zan... Buaaah! esan neban, hauxe izango da nire lan barriaren azala. Gainera izenburua be hor bueltaka neukan eta Leihotik Mundura ipintea otu jatan, ez dakit baina sekula ez dot amaitu disko bat azala zelakoa izango zan jakin barik eta kasu honetan alderantziz izan da; jentea esan eta esan jabilt ze ederra dan diskoaren azala, koloretsua, idartsua eta ni, jakina, pozik.
7.- Zure kantuak entzunda etxekoek, alabeak zer esaten deutsue?
Danek dabe kantu gogokoren bat eta neuk baino hobeto dakiez kantuetako berbak. Baina oso gustoko dabela autortu deustie, kotxean goazela orain hasi dira entzuten diskoa osorik eta arpegia ikusita igarten dot gustora dabizela entzuten. Horrezaz aparte ezer gitxi [Barreka]... Badakizu etxean ohituta dagoz aita gogaikarri eta kantsagarriagaz...[Barreka].
8.- Pandemiak bazterrak astindu ditu, kulrura sektorea oro har eta kontzertuetan aforoak, maskarea, distantziak jagon behar dira. Zein da zure eretxia?
Buff!!... Musikariok, kulturgileak eta kulturan beharrean gabizanok, disziplina guztietan shock egoeran gagoz, bai musikari legez eta bai entzule moduan be. Argi dago kultureak oro har eta agenda kulturalak golpe gogorra hartu dabela, kontzertuak egin egiten dira baina oso gitxi eta arau eta muga asko tartean dirala. Egungo muga eta aparejuakaz gatxa da kontzertu batean kutsatzea baina jentea bildurtu egin da eta kultur programatzaileak be bildur dira. Ez da apenas programetan eta programetan diranak gehienbat eraginkorrak edota lehenengo mailan dagozan taldeak dira, normalean bigarren mailako taldeak ez dira ikusten programazinoetan. Jentea desietan dago kalera, tabernara, kontzertueta edo antzezlanak ikusten joateko eta lehengora bueltetea gura dogu danok baina ez da erraza izango.
9.- Zuzenean diskoa aurkezteko hitzordurik badozu?
Baditut kontzertu batzuk berbatuta eta gehiago be izatea espero dot. Kontzertuetarako hitzorduak zarratzea ez da erraza gaur egun baina tira, ondoko aurkezpen kontzertu honeek ditut momentuz: zezeilaren 26an, barikuan, Bizkaian, Munitibarreko Kultur etxean; zezeilaren 27an, Lekunberriko Printza aretoan; martiaren 14an, Bilboko Bira tabernan; martiaren 20an, Añorgako Zinema Aretoan; eta martiaren 22an, Gasteizeko Oihaneder Jauregian.
10.- Zeugaz hartu-emonetan jarteko zein diskoak erosteko zeintzuk dira bideak?
Elkar dendetan erosi daitekez Leihotik Mundura disko barria zein lehenengoa Enarak itzuli dira. Ganerakoan, serge@hotmail.es eposta zein sare sozialetan bagagoz: Facebook: sertx_serge; Instagram: sertx_serge; Twiter:@GTxabarri.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!