Hemen da Bardintzen hizkuntza eta generoaren inguruko bekak eskatzeko epea

Bizkaie! 2021-02-19 11:50   Euskerea berbagai

Danetara, 30.000 euroko aurrekontua dau programak.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Bardintzen 2021 programea jarriko dau martxan euskerea eta genero bardintasunari buruzko ikerlanak egiteko. Danetara, lau beka izango dira, bakotxa 7.500 eurokoa. Interesa dabenek zezeilaren 20tik aurrera hilebeteko epea izango dabe eskabideak aurkezteko.

Hizkuntza Politikako Sailburuordetzarentzat genero eta hizkuntzearen ezagutza-markoa osotzea eta indartzea beharrezkoa da eta balio behar dau emakumeen eta gizonen balio, rol, egoera, baldintza, jomuga eta beharretan dagozan aldeak atzemoteko eta horreen guztien adierazpenak hizkuntzeagaz dauen alkarreragina hobeto ezagutzeko. Hori dala eta, esleituko diran beken ikerketa-gaiak honako honeek dira:

 Lehenengo bekea: Euskerearen bizibarritze prozesuak generoari lotuta ulertzeko ikerketa teoriko edo-eta metodologiko demolinguistikoak.

 Bigarren bekea: Generoaren ikuspegia txertatuz eregiten diran euskerearen bizibarritze prozesuei buruzko ikerketa aplikatuak.

 Hirugarren bekea: Generoa eta hizkuntzea buztartzen dituen corpus, komunikazino edo-eta diskurso azterketak eremu ezbardinetan (hezkuntzea, lan mundua, familia, aisialdia, kirola...).

 Laugarren bekea: Euskerearen bizibarritzean emakumeek izan daben zereginari buruzko ikerketa lanak (ahozko ondarea erabiliz edo-eta ikerketa bibliografikoak eginez).

Persona fisikoek bide presentziala zein elektronikoa erabili leikie deialdi honetako izapideak eskatzeko, konsultetako eta bideratzeko. Persona fisikoen taldeek, barriz, ezinbestean bide elektronikoa erabili beharko dabe. Hautaketa Batzorde batek aztertuko ditu eskaerak eta ebazpenaren ondoren, aukeratutako ikertzaileek, bederatzi hilebete izango ditue ikerketea osotzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu