Martxan da 10. Euspot lehiaketea

Bizkaie! 2021-02-18 13:42   Euskerea berbagai

Gazteak familia-nekazaritzan hasi daitezan animau beharko ditue edizino honetako iragarkiek.

Euspot, euskerazko ikus-entzunezko iragarki edo spot-en lehiaketan parte hartzeko deia egin dabe hamargarren urtez, oraingo honetan Nekazaritzatik bizi nahi dogu! lemapean. Izan be, gazteak, batez be emakume gazteak, familia-nekazaritzan hasi daitezan konbentziduteko iragarkiak aurkeztu beharko ditue aurten parte-hartzaileek. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 12an amaituko da.

Nekazaritzea, abeltzaintzea eta basogintzea modu jasangarrian ustiatzen dauen modalidadea da familia-nekazaritzea, Euspoteko arduradunek azaldu dabenez. Nekazarien erronkak dira elikadurea, krisi klimatikoa, lurraldearen antolaketea, jasangarritasun ekonomikoa eta gizartearen ondoizatea.

Era horretako nekazaritzea bultzatzeko spot-ek, beraz, landa eremuaren aldeko mezua, gizartea hobetzeko gogoa eta ingurumenari lehentasuna emoteko kontzientziazinoa buztartu beharko ditue. Bizi izateko beste modu bat dala dinoe lehiaketearen antolatzaileek. 

Betiko legez, Debagoieneko eragile ugarik egin dabe bat Euspot antolatzeko, tartean, Mondragon Unibersidadeak, Arizmendi ikastoleak eta Aretxabaletako Udalak. Halandabe, leku guztietako jenteak hartu leike parte. Hazi Fundazinoa batu da aurten babesleen taldera, erakunde honek Lehen Sektore jasangarria bultzatzeko egiten dauen lanagaz estu lotuta dagoalako aurtengo lehiaketako gaia. 

Kontuak kontu, parte hartu nahi dabenek, gehienez 30 segunduko ikus-entzunezko iragarkia aurkeztu beharko dabe, euskeraz. Formatua librea da, hau da, bertikalean zein horizontalean grabau leikie. Sari ugari dagoz jokoan, 2.800 euro guztira.

Nahi daben guztiak parte hartzera animau ditue, Euspoten sartzeko ez dalako behar jakintza sakonik edo profesionalen pareko teknikarik. Irudimena, horixe da antolatzaileek eskatzen daben gauza bakarra. Lehiaketa edegia da eta edozeinek hartu leike parte, ganeratu dabe. 

Lanak aurkezteko modua hemen.

Oinarriak hemen.

Sari orokorren artean lau dagoz: Spot-ik onena (1.000 euro), Publikoarena (500 euro), Musika sinkronizazinorik onena (300 euro) eta gazteen saria (14-18 urtekoentzat, 250 euro). Horrezaz gan, Mondragon Unibersidadeko ikasleek aurkeztutako iragarkirik onenari 500 euro emongo deutsez; eta Arizmendi ikastolako onenari, 250. 

Ikus-entzunezkoen alorreko ikasle, sortzaile zein zaleen artean, entzute handia izan dau Euspot lehiaketeak hasiera-hasieratik. Horren erakusgarri dira antolatzaileek emondako datu batzuk: orain arteko bederatzi edizinoetan, 400 spot inguru aurkeztu dira, eta Euspoten webguneak 19.000 bisita izan ditu. 2020ko edizinoak be, pandemia bete-betean antolatu arren, arrakasta handia izan eban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu