Sortzaileak alkarlanean, Bizipozaren alde

Bizkaie! 2021-02-18 10:37   Musikea

Hamabi abesti eta hamaika bideoklip dakarzan CD-DVD barria plazan da.

Bizipoza alkarteko helburuak gizarteratzeko eta bertako kide diran hamaika alkarteri laguntzeko, Mundu berri bat guztiontzat izeneko diskoa argitaratu dabe. Ez da edozelako proiektua, 34 euskal sortzailek hartu dabelako parte: musikariak, abeslariak, idazleak, bertsolariak... Emoitzea, hamabi kantu eta hamaika bideoklip dakarzan CD-DVDa da, eta, horren osogarri, marrazkiak eta azalpenak dakarzan liburuxkea. Aurrerapen bideoa hemen.

Bizipoza alkartearen helburua ume zein helduak hainbat gairen inguruan sensibilizetea da, errealidade berezi edo desbardinak lantzen dituen alkarteei babes afektiboa zein baliabideak emonda. Auzolaneko egitasmoa da, euskeraz eta bizipozez jardun nahi daben herritar zein alkarteakaz batera egitekoa. Gaur egun, 36 alkarte dira Bizipozako kide. 

Horreetatik, hamaika alkartek hartu dabe parte Mundu berri bat guztiontzat proiektuan, bakotxaren lanari eskainitako abesti bana dabe diskoan. Hamabigarren kantua Joxe Mari Auzmendiren omenezkoa da, berak idatzitako testuetan oinarritua. Hik Hasi eta Bizipoza taldeetako eragile izandakoa 2020an hil zan, eta egitasmo honetan gomutan hartu nahi izan dabe haren ekarpen handia.

Diskoko hamabi kantuen konpositorea Xabier Zabala izan da. Musika horren ganean, idazle eta bertsolari ugari ibili dira berbak idazten: Aner Euzkitze, Amaia Agirre, Julio Soto, Bihotz Gorospe, Nerea Ibarzabal, Leire Bilbao, Unai Iturriaga, Miren Amuriza, Arkaitz Estiballes eta Igor Elortza.

Kantuok grabau eta bideoklipetan parte hartzeko, estilo guztietako makina bat abeslarik egin dabe bat Bizipozagaz. Besteak beste, Miren Narbaiza, Maite Larburu, El Drogas, Yogurinha Borova, Gari, Josu Zabala, Aiora Renteria, Mikel Urdangarin, Xabi Solano, Andoni Tolosa eta Eñaut Elorrieta aitatu leitekez. 

Honenbestez, alkarteen eta sortzaileen arteko alkarlana da proiektuaren ardatza, Bizipozak azaldu dauenez. Egunero-egunero gizarte hobea lortzeko egiten daben lana erakusteko eta sarri ezkutuan geratzen diran errealidadeen ganeko kontzientzia zabaltzeko bide aproposa dira kantuak eta bideoak. 

CD-DVDa erosteko bidea hemen. Ganera, Bizipoza alkartearen sare sozialetan bideoklip guztiak igoten hasi dira, martitzen eta zapatuetan sartzen ditue barriak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu