'Batera' deialdiko irabazleak babes bila hasi dira

Bizkaie! 2021-02-18 09:20   Euskerea berbagai

Loa, loa laguna, Poliedro Vol.1 eta Larrugorritan dira proiektu kulturalon izenburuak. 

Irabazleak eta antolatzaileak (argazkia: Oihaneder) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gasteizko Oihaneder Euskerearen Etxeak urrian martxan jarritako Batera: kultur proiektuak alkarregaz deialdia aurrera doa. Gazteen artean euskerazko sorkuntzea bultzatzeko antolatutako ekimen horretara aurkeztutako hautagai guztien artean, hiru aukeratu ditue, eta horreek gauzatu ahal izateko diru-bilketeari ekin deutse orain, crowdfunding kanpaina baten bidez. 

Dirua batzeko eta komunikazinorako kanpainea antolatzeko, aholkularitzea emon deutse hiru proiektu irabazleen bultzatzaileei, baita 2.000 euroko laguntzinoa be bakotxari. Oihanederrekoek azaldu dabenez, 40 eguneko crowdfunding kanpainak egitea aurreikusi dabe, atzo, eguaztena, hasita. Hortaz, gustuko proiektuari bultzadea emoteko deia egin deutse Gasteizko eta Euskal Herriko euskaltzale guztiei. Horretarako, Itsulapikoa plataformara jo behar da. 

Batera deialdira 16 eta 30 urte bitarteko gazteak aurkeztu ahal izan dira. Kultureagaz lotuta eta euskeraz izateko baldintzeagaz, era guztietako ideak onartu ditue. Epaimahaiak hiru irabazle aukeratu ditu, hainbat erespidetan oinarrituta: proiektuen originaltasuna, euskerazko sorkuntzeari egiten deutsen ekarpena eta gizartean sortu leikien interesa.

Hona hemen hiru proiektuak:

- Loa, loa laguna. Maider Lasa. Oihaneder-Gauekoak bikote antolatzaileak emondako Gasteizko onenaren saria. Helduentzako sexu lo-kanten diskoa egin nahi dau Lasak. Bideoak eta zuzeneko ikuskizun baten grabazinoa be badagoz egitasmoan. Euskal lo kanta herrikoiak berreskuratu, eta, bide batez, sexu-energia ikertu nahi ditu.

- Larrugorritan. Ane Nafarrate, Jone Arriola, eta Uxue Botas. Arabako proiektu onenaren saria, Vital Fundazinoak babestua. Gazteei zuzendutako fikzinozko telesaila da, emakume eta gizonezkoen estereotipo eta mitoak apurtzeko. Euskal gazteek egunerokotasunean bizi dituen gatazkak eta dilemak jorratuko dira: drogak, sexua, identidade-arazoak, traumak, sare sozialak, maitasuna eta adiskidetasuna.

- Poliedro Vol.1. Eñaut Zubizarreta. Euskal Herriko proposamenik onena, Laboral Kutxak babestua. Biolontxeloa gaur egungo musiketara egokitzeko ahalegina da zati biko proiektu hau: alde batetik, forma eta kolore askotako 19 abestidun diskoa egingo dau Zubizarretak. Bestetik, gaurko eta biharko txelista, biolinista eta musikariak lengoaia barriotan hezi nahi ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu